• EKONOMIA
  • Julen Elgeta (Hetel): "Enpresen beharrak eta pertsonen gaitasunak lotzeko sekulako lana egin da LHn"

Julen Elgeta (Hetel): "Enpresen beharrak eta pertsonen gaitasunak lotzeko sekulako lana egin da LHn"

Lanbide heziketak hartu duen norabidea erronka berriei erantzuteko "oso egokitzat" jo du Heteleko presidenteak

Julen Elgeta, Heteleko presidentea | Argazkia: utzitakoa
Julen Elgeta, Heteleko presidentea | Argazkia: utzitakoa
maite reizabal arregui
EnpresaBIDEAko egunkariko zuzendaria
2025eko maiatzaren 12a
Eg. 2025eko maiatzaren 12a

EAEko lanbide heziketako ikastetxeak hiru saretan banatuta daude, eta horietako bat da Hetel, gizarte ekimeneko lanbide heziketako 33 ikastetxe barnebiltzen dituena. Julen Elgeta Heteleko presidentearen ustez, garai interesgarriak dira lanbide heziketarentzat: enpresengandik geroz eta gertuago izatea lortu dute formakuntza dualaren eta zerbitzu teknologikoen bitartez, ETHAZI metodologiak ikasleen gaitasunen lanketan laguntzen du eta goi mailako zikloek %82,9ko enplegagarritasuna dute. "Sendo gabiltza", nabarmendu du EnpresaBIDEAri eskaini dion elkarrizketan. 2025-2026 ikasturterako aurrematrikulazioa hasi den honetan —maiatzaren 23ra bitarte—, aitzakia ere bada datorren ikasturtean Lanbide Heziketaren Legea dela eta datozen aldaketei buruz hitz egiteko: zikloetan hautazko ibilbideak sartuko dira indarrean, eta oinarrizko lanbide heziketa eta erdi mailakoa zentro berdinean egiteko aukera izango da, bermatrikulazio prozesu batetik igarotzeko beharrik gabe. Hetelen kasuan, eskaintza zabala da.

 

Lanbide heziketaren erradiografiarekin hasi aurretik. Hasi da dagoeneko lanbide heziketan aurrematrikulatzeko epea. Lanbide heziketa egitea buruan izan dezakeen ikasle bati zein gomendio emango zenioke?

Aintzat hartu behar da lanbide heziketan sartzeko aintzat hartzen den irizpide bakarra nota dela, emaitza. Unibertsitateko graduetara sartzeko gauza bera gertatzen da. Zenbaitek sorpresa hartzen dute pentsatuz edozein lanbide heziketatan izena eman ahalko dutela, eta gero ikusten dutenean nahi duten hori egiteko nota bat eskatzen zaiela. Mekatronika egin nahi baduzu, baliteke plazarik gabe gelditzea nota nahikoa ez baduzu. 

 

Beraz, lehen mezua da, saia zaitez ahal duzun nota onena ateratzen, zauden mailan zaudela. Eta bestetik, aukera asko jar ditzaten, behintzat plaza batekin irten daitezen.

Demagun batxilergoko ikasle bat zalantzan dabilela zer egin. Zer esango zenioke lanbide heziketa aintzat har dezan?

Egiteko gura duena. Baina batzuk oso 'argi' izaten dute unibertsitatera joango direla unibertsitatera joango direla. Ados. Baina ez bazaituzte hartzen? Pentsa duzun notarekin nahi duzun graduan ez zarela sartzen. Horregatik, aholku gisa: lanbide heziketako aurrematrikula egin, ez duzulako inolako konpromisorik hartzen, eta hartzen bazaituzte ere. Kontua da aurrematrikula egin gabe, plaza gabe gera zaitezkeela gero zuk nahi duzun horretarako plazarik ez baduzu.

"Azken hamar urteetan lanbide heziketa sistemak oso bide ona hartu du: gero eta ikasle gehiago, proiektu pila bat..."

Eta orain, erradiografiara joan gaitezen. Zein bilakaera izan du EAEko lanbide heziketak azken urteetan?

Azken urteetan bilakaera bereziki esanguratsua eta egokia izan du. Lanbide heziketak hartu duen norabidea oso egokia dela erronka berriei erantzuteko. Bai aurreko urteetan, bai legegintzaldi honetan, aurrekoa sendotzen goaz hurrengo erronkari heldu aurretik. Edo behintzat hori egiten saiatzen gara.

Oso transbertsala da. Badirudi hezkuntzako beste etapa bat dela, baina ez da hala. Adar asko ditu eta hori kudeatzea ez da erraza izaten. Hala ere, nahiko sendo gabiltzala esango nuke.

Noiztik eman da sendotze hori?

Azken hamar urteetan lanbide heziketa sistemak oso bide ona hartu du: gero eta ikasle gehiago, proiektu pila bat...

Zein estrategia konkretu eraman dute egungo puntura?

Enpresetatik hurbil egoteak. Oso inportantea da enpresak ondoan edo bidelagun izatea. Horrekin asmatu dugula uste dut: enpresen beharrak eta pertsonen gaitasunak lotzeko eta erlazionatzeko sekulako lana egin da. Horri lotuta, dualtasuna mahai gainean jarri da. Eta ez da erronka makala.

Zein zailtasun ditu?

Badirudi zatitxo bat ikastetxean egitea eta beste bat enpresan gauza erraza dela. Baina kontuan hartu behar da Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide heziketako sisteman 50.000 ikasle daudela matrikulatuta. Denontzat enpresak behar badira, 50.000 enpresa behar dira.  Dena den, esan bezala, hori ondo egin da.

Eta ondo egin den beste alderdietako bat da ikaskuntza metodologia, eta gutxi hitz egiten da horri buruz. Gela barruan erabiltzen den metodologia berritzailea da eta exigentea. ETHAZI izena du, eta proiektuetan oinarrituta dago. Hor lan izugarria egin da Hizkuntza Saileko Lanbide Heziketa sailburuordetzatik eta, noski, ikastetxeetatik. TKNIKA bitartekari bezala bertan egoteak asko laguntzen du.

Eta zertan eragin dezake horrek?

Enpresek igarriko dute asko bertara doazen ikasleen gaitasunetan. Benetan esaten dut: ikasleen gaitasunak lantzen saiatzen gara modu planifikatu baten.

Duala eta ETHAZI gako izan dira enpresengana gerturatzeko?

Eskutik joan da dena. Pentsa. Ikasleak enpresetara bidaltzen ditugu euren formakuntza osatzeko, eta bakoitzak ikastetxetik tutore bat izaten du, ikusten doana zer moduz doan dena. Enpresek esaten digute zeintzuk diren indarguneak eta landu beharrekoak.

Ekainero, hurrengo ikasturteko erronken mapa hasten gara diseinatzen, eta horretan kontuan hartzen dugu enpresak esaten diguna (zer bota duten faltan, zer landu behar den, zer doan ondo...). Dualean dagoen ikasle baten jarraipena egitea, adibidez, oso bide ona da jakiteko zeintzuk diren beharrak.

"Badirudi zatitxo bat ikastetxean egitea eta beste bat enpresan gauza erraza dela. Baina kontuan hartu behar da Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide heziketako sisteman 50.000 ikasle daudela matrikulatuta"

Lanbide heziketak duen aniztasuna ahaztu gabe, ba al da azken urteetan enpresek eskatu dizueten zerbait txertatzeko lanean ari zaretena?

Lanbide heziketako ikastetxeok ez dugu lan egiten soilik ikasleen prestakuntza mailan. Zerbitzu teknologikoak ere eskaintzen ditugu, batez ere enpresa txikiei. Ikastetxeetan ditugun ekipamenduak, ezagutza eta esperientzia erabiltzen ditugu horretarako. TKGune izena du programak, hori ere TKNIKAn dagoena. Koordinazio talde batek lantzen du eta ikastetxeei laguntza ematen digute, proiektuak bideratzeko metodologia eta baliabideak. 

Proiektu hori guztia irakasleek egiten dute, ezagutza eurak dutelako. Gainera, irakasle batek teknologia berri baten zer edo zer ikasten badu, gero oso erraza du gelara eramatea erronka berri baten diseinuaren bitartez.

Hetelen azkeneko enplegagarritasun txostenean jasotzen zenuten lanbide heziketa guztiaren enplegagarritasuna %77,1koa da azken urteetan, eta %83koa goi mailako ikasleei erreparatzen badiegu. Azken zazpi urteetan goranzko joera izan du. Arestian aipatutako guztiaren emaitza al da?

Bai. Urteak dira txosten hori egiten hasi ginela, eta edizio bakoitzean ia 3000 ikaslek hartzen dute parte. Ikusten da zenbat eta kualifikazio hobea izan, orduan eta laneratze tasa handiagoa dela. Eta hori nabarmentzekoa da. 

Duela bi urte, espezializazio ikastaroak jarri ziren martxan. Unibertsitatera joan ordez, urtebeteko espezializazio ikastaroak eskaintzen dira, oso teknologikoak. Horietan laneratze tasa ia %100 da.

Azken boladan ikusten ari garen emaitzak geroz eta hobeak dira, batez ere industriarekin loturik dauden zikloena.

"Ikusten ari gara mutilak geroz eta gehiago joaten ari direla feminizatuta izan diren zikloetara. Hori oso ondo dago. Baina kontrakoa faltan botatzen dugu, neskek industria beste begi batzuekin ikustea"

Txostenaren datuetako bat da lanbide heziketa oso maskulinizatua dagoela: EAEko guztia hartuta, ikasleen %34 dira emakumeak, %28,9 Hetelen ikastetxeen kasuan. Industria arloko lanbide heziketak erronka dute emakumeak erakartzeko garaian?

Gai hori behin eta berriro aipatzen dugu. Nahiko genuke emakumeak hurbilago izatea industriarekiko, baina ez da hala gertatzen. Are gehiago, ikusten ari gara mutilak geroz eta gehiago joaten ari direla feminizatuta izan diren zikloetara, adibidez, administrazio eta finantzak, informatika, kimika... Hori oso ondo dago. Baina kontrakoa faltan botatzen dugu, neskek industria beste begi batzuekin ikustea. Aukera oneko bidea dela ikusaraztea asko kostatzen ari zaigu.

Hori aintzat hartuta %50 Hetelen 10 ziklotan aritzen dira, eta horietatik 9 direla ZTIM.

Industrialetan, emakumeak ez dira %10era ere heltzen. 

Horrelako zikloetan —robotizaziokoan adibidez— ikusten duzu zer nolako progresioa izaten ari diren ikasleak. Eta pena ere ematen dizu, lan baldintza onak eskaintzen dituelako eta merkatuak bikoitza xurgatu ahalko lukeelako. Enpresa batzuk ere bereziki emakumeak eskatzen ari dira, baina erantzuna da ez daudela.

Zein puntura arte egin dituzue egitasmoak horri buelta emateko?

Gauza ugari egiten dugu, benetan. Baina ez dugu asmatzen. Kontua da ez dugula asmatzen ez geuk, ez inork. Hitz egin dugu ikastetxe publikoekin, Confebaskekin, Adegirekin, Cebekekin, SEArekin, Hezkuntza sailarekin... Eta diagnostikoa partekatua da. Nahiko genuke hori konpontzea.

Orain Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko sailarekin, Bizkaia with the talent-en baitan, bi urte daramatzagu hainbat entitatek —Hetel, Ikaslan, MU, Deustuko Unibertsitatea, Innobasque...— esparru hori lantzen Galaxia proiektuan. Zirkulu horretan mugitzen jarraitzen dugu ea uneren baten apurtu egiten den.

"Datorren ikasturtean ikastetxe bakoitzak bakoitzak aukeratuko du zein hautazko modulu eskaini. [...] Pertsonalizaziorako urrats indartsua da"

Ba al da bestelako erronkarik lanbide heziketari kostatzen ari zaiona heltzea?

Duela bi urte Madrilen Errege Dekretua argitaratu zen Madrilen, eta horrek batez ere datorren ikasturtetik aurrera moduluei eragingo die. Lanbide heziketa moduluka antolatuta dago, eta nahiko antzekoak izan dira: mekanikakoan modulu mekanikoak, elektrikoan elektrikoak, eta abar. Jasangarritasuna modulu bat izango da, digitalizazioa beste bat., enplegagarritasuna.. Horiek derrigorrezkoak izango dira ziklo guztietan, nahiz eta  mekanikan eta administrazioan desberdinak izango diren. Baina, batez ere, aldaketa nagusia da hautazko moduluak edo ibilbideak izango direla ziklo bakoitzaren barruan. Eta ikastetxe bakoitzak autonomia izango duela erabakitzeko ziklo bakoitzean eskainiko dituen ibilbideak, baita horien moduluak ere.

Adibide bat jartzerik?

Orain arte mekanikan aritu da mekanikan fin mugitu den pertsona bat. 2025. urtean, agian, mekaniko bat izatea beharbada ez da hori bakarrik. Makina guztiak konektatuta daude hodeiaren bitartez, adibidez, eta mekaniko on bat izateko jakin behar duzu datu baseetara datuak igotzen eta jaisten, zibersegurtasunaz apurtxo bat... Hautazko moduluaren bitartez eman ahalko dugu programazio apur bat edo zibersegurtasuna mekanikako ziklo baten. Beste ate bat zabaltzen da. Ikastetxe bakoitzak eta ziklo bakoitzak aukeratuko du zein hautazko modulu eskaini. Hori ez da sekula EAEko lanbide heziketan gertatu. Pertsonalizaziorako urrats indartsua da.

Eta orain zein puntutan zaudete?

Ikusten zein modulu eskainiko diren. Eta hori dena ondo azaldu beharko da.

Sarri lanbide heziketan pentsatzean, goi mailako lanbide heziketan pentsatzen dugu. Baina zein rol jokatzen ari da egun oinarrizko lanbide heziketa eta erdi mailakoa?

Oinarrizko lanbide heziketa gero eta garrantzitsuagoa da. Pentsa zein garrantzitsua den zuzendaritza berria sortu dela Lanbide Heziketako sailburuordetzan, Ikaskuntza Bereziena, Isabel Mendiguren duena zuzendari, eta beren arduren artean oinarrizko lanbide heziketa duena. 

Hasieko lanbide heziketa horretan EAE mailan 5.500 matrikulatu inguru daude orain, horietatik erdia Heteleko ikastetxeetan. Baina hori goruntz doa. %30eko gorakada jaso dugu azken urtean. Kontua da une honetan plazak topera daudela, eta badakit kanpoan geratu zenik ere bazela.

Kontua da kasu honetan kanpoan gelditzen direla esatea asko esatea dela, ikasle horientzat —portzentaje handi bat migratzaileak— duten alternatiba bakarra delako.

"Oinarrizko lanbide heziketa gero eta garrantzitsuagoa da: EAE mailan 5.500 matrikulatu inguru daude orain, horietatik erdia Heteleko ikastetxeetan, baina hori goruntz doa. %30eko gorakada jaso dugu azken urtean"

Plazen kopurua igotzeko asmoa dago?

Badakit plaza kopurua igoko dela, logikoa denez. Ez dakit esaten zenbat, baina 6.000 ikaslera iritsiko garela, seguru baietz. 

Zein puntura arte dago jarraikortasuna oinarrizko ziklo bat hasten duen ikasle batentzat hurrengo mailara igarotzeari dagokionez?

Oinarrizko lanbide heziketan hasten diren %65ek amaitzen du zikloa, %35ek, askotariko arrazoiengatik, utzi egiten duelako. Hortik, gutxi gora behera %75ak erdi mailako zikloa egiten du. Normalean lanean hasten direnak izaten dira zamak dituztelako eta soldata bat behar dutelako. Aintzat hartu behar da EAEn geroz eta lanpostu gutxiago geratzen direla kualifikazio baxukoak, dauden lanpostuek kualifikazio ertaina edo altua eskatzen dutelako. Eta gure estrategia ere izaten da erdi mailako ziklora pasa daitezen.

Zenbaitetan bai sortzen direla zailtasunak paperak ez dituzten migratzaile asko etortzen direlako. Orain legeak dio titulu bat jasotzeko enpresara joan behar zarela, eta enpresara joateko Gizarte Segurantza altan emanda izan behar zarela. Horrekin guztiarekin arazo nabaria dugu.

Nola egiten ari zarete horri irtenbidea emateko?

Sailburuordetzak bere gain hartu du arazoa, eta eurak ari dira dena kudeatzen. Alde horretatik, lan bikaina ari dira egiten. Baina erronka sekulakoa.

Zein portzentaje suposatzen du oinarrizko lanbide heziketak guztizkoaren eskaintzan?

%10 eta %12 bitarte. Aintzat hartu behar da goi mailako lanbide heziketa %55 dela EAEn. Estrategia bezala ere ona da, enpresek kualifikazio altua eskatzen dutelako.

Oro har, gauzak oso serio eta ondo egiten gabiltzala esango nuke. Lerrokatuta eta lankidetzan.

"Orain legeak dio titulu bat jasotzeko enpresara joan behar zarela, eta enpresara joateko Gizarte Segurantza altan emanda izan behar zarela. Horrekin guztiarekin arazo nabaria dugu migratzaileen praktikei dagokienez"

Lankidetza aipatzen duzula: zer nolakoa da lanbide heziketako hiru ikastetxe sareen —Ikaslan, Aize-ICEA eta Hetelen— arteko lankidetza?

Ikastetxe publikoekin-eta askotan batzartzen gara eta oso harreman ona dugu hainbat esparrutan.

Beharbada, oinarrizko lanbide heziketaz hitz egiten ari garenez, ikastetxe publikoak ez dira sartu horrenbeste etapa horretan. Ikastetxe kontzertatuak gara gehiago horretan sartu garenok. Edota eskola munizipalak udaletxeetako baimenak dituztenak.

Hala ere, jakin badakit horretan pausoak emateko asmoa dutela ikastetxe publikoek. Ez da etapa erraza, eta kudeatu behar da. Tresnak eta prestakuntza berezia behar da horretarako.