Aurreikusi zitekeen 2020a ez zela urte ona izan Euskal Autonomia Erkidegoko industriarentzat. Izan ere, koronabirusaren krisiak eztanda egin, eta mundua ez ezik, sektorea bera ere hankaz gora jarri zuen. Eustatek argitaratu berri dituen datuek aditzera eman dute hala izan zela: % 18,2 egin zuen behera negozioak 2019arekin alderatuta, 49.005 milioi eurokoa izatera pasa baitzen. Zifra hori 2005etik baxuena da. Langileen konstua % 5,3 txikitu zen, eta % 8,7 lan egindako ordu kopurua.
Balio erantsi gordina ere, ekozipen guztiaren balioa adierazten duenak, nabarmen jaitsi zen, 2015etik urtero-urtero gora egin ondoren: % 14,5 baxuagoa izan zen 2019an baino, 2020an, 13.073 milioi eurokoa. Enplegatu bakoitzeko balio erantsiari dagokionez, % 148,5ekoa izan zen, 2019an baino % 9,8 gutxiago. Zifra hori lortzeko, pertsona bakoitzeko lan kostuak eta itxurazko produktibitatea batuta lortzen da, eta biek egin zuten behera: lehenengoak % 11,8 eta bigarrenak % 2,3.
Pandemiaren eragina bestelako adieazle ekonomikoetan ere atzeman daiteke: sektoreko enplegua % 3 jaitsi zen, alegia, 2019an baino 6.000 langile gutxiago izan ziren urte hartan, 200.699 pertsona. Horrek, azken urteetan izandako bilakaera positiboa hautsi zuen. Horrekin batera, itxurazko lan produktibitatea ere jaitsi egin zen, 65.138 eurora, 2019an baino % 11,8 baxuagoa. Aldagai honek neurtzen du lan unitate bakoitzeko errendimendua,
Bizkaia, kaltetuena
Lurraldeka aztertuz gero, Bizkaiak pairatu zituen krisiaren ondorio latzenak oro har: negozio zifra kontuan hartuta, aurreko urtean baino % 21,3 fakturatu zuen, eta enpleguak % 3,3 egin zuen behera. Araban, berriz, % 8,7 egin zuen behera negozioak, eta % 2,9 enpleguak. Gipuzkoan ere % 2,9 jaitsi ziren industria arloko lanpostuak, baina negozio zifrei dagokienez, gutxien sufritu duena izan da, zifra besteenetik asko alderatzen ez bada ere: % 8,3 egin zuen behera.
Horrek guztiak balio erantsi gordinean eragina izan zuen, eta horretan ere atzeman daiteke adierazitako beherakada: 2019arekin alderatuta, % 17,3 baxuagoa izan da Bizkaian 2020an, % 13,4 Araban eta % 12,4 Gipuzkoan.