Kameren atzean dagoena

Ikus-entzunezko ekoizpenak erakartzeko film komisioen zerbitzuak indartu, eta onura fiskalak areagotu egin dira azken urteotan. Izan ere, egiten duten ekarpen ekonomikoa eta tokian tokiko enplegua sortzea ezinbestekotzat jo dituzte Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako komisioetako ordezkariek

'Maixabel' filmaren grabaketako irudia | Argazkia: San Sebastian Gipuzkoa Film Commission 'Maixabel' filmaren grabaketako irudia | Argazkia: San Sebastian Gipuzkoa Film Commission

Oscar sarietara hautagai izateko atarian geratu da Cinco lobitos Alauda Ruiz de Azua bizkaitarrarren filma, baina kritika onak jaso ditu oro har eta Donostiako Zinemaldiko Zinemira atala itxiko du bihar. Kontatzen duen historiaz harago, protagonistaren jaioterriak berak garrantzia du filmean. Filmean izena aipatzen ez bada ere, Mundaka da. Edo, behintzat, kaleko irudiak bertan grabaturikoak dira.

Ruiz de Azuaren filma azken urteotan Euskal Herrian grabatu diren ikus-entzunezko lanen adibide bat besterik ez da, segur aski beste batzuk baino ezezagunagoa gehiengoarentzat. Game of Thrones, Vampire Academy, eta Intimidad telesailak, El guardián invisible eta Maixabel filmak... Zerrenda luzea da. Baina proiektuok ez dira ustekabean iritsi geurera. Izan ere, lurraldeek film komisioak —ingelesezko film commission izenarekin ezagutzen direnak— eta ikus-entzunezkoei loturiko marka bateratuak sortzeko apustu irmoa egin dute azkeneko urteetan, ikus-entzunezko sektoreari lotutako askotariko zerbitzuak eskaini eta proiektuak erakartzeko asmoz.

Horren hiru adibide dira San Sebastian Gipuzkoa Film Commission —aitzindaria gurean, 2003an sortua—, Bilbao Bizkaia Film Commission —2015ean sortua— eta Navarra Film Industry. Azken honen kasuan, webgune berria estreinatu dute 2022an, eta bultzada eman diote askotariko merkatu eta jaialdietan aurkezten. Hiruak publikoak izanik ere, elkarlan publiko-pribatua ezinbestekoa da sektorea bultzatzeko. Gainera, ikus-entzunezko arloak lan ugari hartzen ditu bere baitan: telesailak; film luze zein laburrak, fikziozkoak eta ez fikziozkoak; publizitatea; bideoklipak; etab.

Kenkariak, gora

Zerbitzuak eskaintzeaz harago, askotariko abantailak eskaintzea gako izan da. Adibide esanguratsuenetakoa da kenkariena, hala sozietateen gaineko zergan, nola lurraldean egiten diren gastuetan —bigarrena atzerriko lanen kasuan—. Gainera, azken urteotan, aldaketak egiten ari dira aipaturiko onura fiskalak areagotzeko.

Bizkaian, esaterako, Foru Aldundiak joan den astean onartu zuen ikus-entzunezko proiektuetarako zerga-pizgarriak handitzeko aurreproiektua. Horren arabera, lurraldean egiten diren ekoizpenek %35 eta %60 bitarteko kenkaria izango dute sozietateen gaineko zergan, eta %70ekoa izatera irits daiteke euskarazko filmen kasuan. Portzentajea gastuen zenbatekoaren arabera kalkulatuko da, eta orain arte ez bezala, atzerriko filmek eta formatu digital berriek ere izan ahalko dute onura hori. “Neurria 2023an sartuko da indarrean. Beste lurralde batzuk, bai Euskadi mailan, bai [Espainiako] estatu mailan, zenbait mugimendu egiten ari ziren. Eta guretzat oso garrantzitsua zen gu ere lehiakorrak izatea”, azpimarratu du Xabier Ochandiano Martinez Bilboko udaleko Ekonomia Garapeneko, Merkataritzako eta Enpleguko zinegotziak. "Edozein kasutan, elkarlana sustatu nahi dugu", gehitu du.

Marta Zabaleta Gaytan de Ayala: “Egia da pizgarrien kontuarekin lehia handia dagoela, bai Espainia mailan, bai nazioartean, proiektuak erakartzeko modu bat delako"

“Egia da pizgarrien kontuarekin lehia handia dagoela, bai Espainia mailan, bai nazioartean, proiektuak erakartzeko modu bat delako. Zaila da gai horretan lehiatzea. Gure egoera nahiko ona da, baina azkenean lurraldeak beste gauza batzuk ere eskaintzen ditu”, adierazi du Marta Zabaleta Gaytan de Ayala San Sebastian Gipuzkoa Film Commissioneko teknikariak. Gipuzkoan aurten sartu dira indarrean zerga-pizgarriei loturiko aldaketak: “2022an hobetu da. Orain arteko %30eko kenkariaren ordez, % 35ekoa lortzen dute Euskadiko eta [Espainiako] estatuko ekoizpenek sozietateen gaineko zergan, eta %45 euskaraz filmatzen direnek. Gainera, lurraldean filmatzen duten atzerriko ekoizpenek EAEn egindako gastuen %35eko kenkaria lortzen dute, %25aren ordez”, esan du film komisiokoak.

Nafarroan ez da aldaketarik izan zifrari dagokionez, baina hemendik aurrera film laburrentzako ere onurak izango dira, eta aurre-balidazio prozesua ezarri da: “sozietateen gaineko zergaren kenkaria %40 bitartekoa izan daiteke Nafarroan egoitza fiskala duten ekoiztetxeentzat, baita nazioarteko zein Espainia mailako ikus-entzunezko sektorerako proiektuak egiten dituzten Nafarroako enpresentzat”, nabarmendu du Iñaki Apezteguía Morentin Nafarroako gobernuko Kulturako zuzendari orokorrak.

'Intimidad' telesailaren kartela, Bilbon | Argazkia: Niko Cuenca

'Intimidad' telesailaren kartela, Bilbon | Argazkia: Niko Cuenca

Sozietateen gaineko zergaz gain, badira bestelako abantaila batzuk ere. Esaterako, bai Gipuzkoan, bai Bizkaian, espazio publikoa okupatzeagatik ordaindu beharreko tasaren salbuespena lor daiteke, betiere film komisioaren laguntzaren bitartez kudeatzen bada. “Grabaketek salbuespen hori dute ulertzen delako beste onura ekonomiko bat ekartzen duela hiriarentzat”, gaineratu du Zabaletak.

Ekarpen ekonomiko nabarmena

“Zinema eta ikus-entzunezko jarduera sektore estrategikoa da gure kulturarentzat eta gure ekonomiarentzat. Administrazioek zenbait arrazoirengatik jartzen dugu arreta horretan, besteak beste, berrikuntza teknologikoari, garapen ekonomikoari, enplegu sorrerari eta kultur aniztasunari egiten dion ekarpenagatik”, plazaratu du Nafarroako gobernuko Kulturako zuzendari orokorrak.

Zuzeneko ekarpen ekonomikoari dagokionez, honako adibide hau jarri du: “Esanguratsua izan den duela gutxiko datu bat emateagatik, Vampire Academy telesailaren inpaktu ekonomikoa 10 milioi eurokoa baino gehiagokoa izan zen, ekoiztetxeak berak jasotakoaren arabera. Nafarroan bost hilabete baino gehiagoz aritu zen grabatzen”.

Iñaki Apezteguía: "Administrazioek zenbait arrazoirengatik jartzen dugu arreta horretan, besteak beste, berrikuntza teknologikoari, garapen ekonomikoari, enplegu sorrerari eta kultur aniztasunari egiten dion ekarpenagatik"

Gipuzkoa eta Bizkaiko kasuan, gutxi gora beherako datu orokorra kalkulatu ohi dute urtero, ekoiztetxeek bidalitako informazioa abiapuntu hartuta. “Urtez urte aldatu egiten dira, baina batez beste, aurreko urtean 7 milioi euroko inbertsio zuzena izan zuen Gipuzkoak film, telesail, dokumental, publizitateari... dagokionez”, azaldu du San Sebastian Gipuzkoa Film Commissioneko teknikariak. “Komisiotik ekoizpen desberdinei eskaintzen diegu laguntza. Agian esanguratsuenak film eta telesailak dira, inbertsio handienak dituztenak, baina adibidez publizitatea gutxiago egoten da eta askotan inbertsioa proportzionalki altuagoa izaten da”, gaineratu du. Bizkaian, “2021ean, gure estimazioen arabera, 13 milioi euroko inpaktua izan zuen. Datu hori zuhurtziaz hartu behar da beti”, adierazi du Bilboko udaleko zinegotziak.

Ez dira gutxi azken urteotan aipaturiko hiru lurraldeetan ekoitzitako ikus-entzunezko lanak. Gipuzkoan, batez beste “50 eta 100” ekoizpen izaten dira. “Iaz, adibidez, 63 ikus-entzunezko proiekturi eman zien zerbitzua, eta horietako 56 SSGFCen lankidetzarekin filmatu ziren”, esan du Zabaletak, eta pandemiaren kolpearen ondoren gauzak “hobera” egiten ari direla nabaritu dute. Nafarroan, urte berean, “bukatutako 130 proiektu” ekoitzi ziren, horietatik “30 bat film luze eta 7 film labur”.

Xabier Ochandiano: “2021ean, gure estimazioen arabera, 13 milioi euroko inpaktua izan zuen Bizkaian. Datu hori zuhurtziaz hartu behar da beti”

Bizkaian, guztira, 161 grabaketa izan ziren 2021an. “Guztira 232 produkziorekin izan ginen, baina azkenean 161 eduki genituen”, plazaratu du Ochandianok. Aurten, zerga-pizgarrien aldaketaz gain, Intimidad telesailak izandako nazioarteko arrakastak are proiektu gehiago erakartzera eraman ditzakeela uste du zinegotziak: “Kontsulta asko ditugu, eta proiektu asko laguntzen ari gara. Batzuk datozen urteetan ikusiko ditugu, beste batzuk landu behar ditugu”.

Enplegua sortu

Ekarpen ekonomikoaz harago, arestian aipatutako enpleguaren sorrera ezinbesteko helburutzat jotzen dute hiruek ala hiruek. Esaterako, iaz, Bizkaian “1.200 kontratazio” izan ziren. Beste adibide bat: “Vampire Academyk 280 teknikari eta 400 enpresa kontratatu zituen”, kontatu du Apezteguíak. “Bertako teknikariek, zuzendariek eta bestelako profesionalek lan egiteko aukera da, eta sektorea bera garatzeko”, esan du Ochandianok. “Hemen sektorea dugu, profesional askorekin, eta beraiek ere negozio aukerak sortzen dituzte”, gaineratu du Zabaletak.

Bestalde, lurraldeak eskaini ditzakeen aukerak partekatzeko modu bat ere bada. “Hiria eta lurraldea bera Espainian edo nazioarte mailan sustatzeko edo gure irudia zabaltzeko garrantzitsua da”, aipatu du Bilboko zinegotziak. Zuzenean, proiektu berriak erakartzeko balio dezake, baina baita zeharkako inbertsioentzako ere, besteak beste, turismoa bultzatzeko.

“Gu ez gara turismo saila, baina badakigu ekoizpenen ondorioz turismoa erakartzen dela”, adierazi du San Sebastian Gipuzkoa Film Commissionekoak. Zumaiako Itzurun hondartzarekin edo Gaztelugatxerekin gertatutakoa horren adibide batzuk baino ez dira, agian muturrekoenak. “Uda honetan, Bilboko udaleko turismo bulegotik igaro ziren Herbehereetako bi bikote, Intimidad telesaila grabatu zen tokia ezagutu nahi zutela eta non zen galdetzeko”, kontatu du Ochandianok. Kasu bat izanik ere, mugaz gaindiko lan arrakastatsuek izan dezaketen inpaktuaren erakusle da hori. Onerako edo txarrerako den, hori bakoitzak ikusi beharko du

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK