
Loraldian dago zuzeneko musika emanaldien negozioa, batez ere pandemiaz geroztik. Gure inguruan azken urteotan agertu diren festibalen berriak ikustea baino ez dago. Datuek ere hala erakusten dute. 2015ean zuzeneko musikaren fakturazioa 194 millioi eurokoa izan bazen Espainiako Estatuan, hamarkada bat beranduago kopuru hori laukoiztear da. Hala, 2023 eta 2024ean musika emanaldien diru sarrerek %25 egin dute gora eta dagoeneko futbolak beste diru-sarrera lortzen ditu, 725 millioi euro. Kopuru honen barruan kontzertuak zein festibalen datuak badaude ere, nabarmentzekoa da jaialdiek izandako bilakaera.
Musika jaialdi asko herri mugimenduekin lotutako elkarteek antolatzen badituzte ere, EHZ edo Hatortxu Rock bezala, negozio iturri gisa hartzen duten enpresa asko ugaldu eta profesionalizatu dira azken urteotan. Last Tour konpainia bizkaitarra horren adibide da. Hogei urteko esperientzia du musikaren alorrean eta negozioa dibertsifikatu du. Hainbat artisten kontratazioaz arduratzeaz gain, hainbat aretoren musika agendak kudeatzen ditu. Baina, batez ere, musika jaialdiak antolatzeagatik da ezagun enpresa. Euskal Herriko Bilbao BBK Live (Bilbo), Azkena Rock Festival (Gasteiz) eta Vivo Festival (Iruñea) jaialdiez gain, Aragoiko Pirineos Sur eta Madril eta Lisboako Kalorama jaialdiak ere antolatzen ditu.
%25 bitarteko errentagarritasuna
Jaialdien negozio eredua hainbat ildotan oinarritzen da. Ticketen salmenta diru-sarrera nagusia bada ere, eta honetan ere negozio target berriak ireki dituzte VIP sarreren bitartez, babesletzak, merchandisingak eta janari eta edarien negozioak ere garrantzi handia du. Janari eta edari postuek, adibidez, sarreren %30raino suposa dezakete. Babesletzak ere ekarpen nabarmena egiten dio negozio ereduari. Jaialdi bakoitzera doan publikoa oso ondo aztertu eta identifikatzen dute antolatzaileek, babesleei heldu nahi dioten targeta eskainiz. Halako jaialdiak aisialdiarekin lotzen dute ikusleek eta begi onez ikusten dute babesleak egotea. Azkenik, erakunde publikoek ere dirulaguntzak ematen dizkiete askotan antolatzaileei festibalek hiriaren irudia saltzen laguntzen dutelako eta eragin ekonomiko esanguratsua dutelako. Negozio eredu honen errentagarritasuna jaialdiaren arabera aldatzen bada ere, %15eko marjina uzten dute batez beste, baina bada %25ekoa ere eskuratzen duen festibalik.
Negozioaren alde iluna: hain ezagun ez diren musikariek onartu behar dituzten katxe baxuak eta langileek pairatzen dituzten lan baldintza eskasak
Errentagarritasun zifra horiek, halere, negozioaren alde iluna ezkutatzen dute zenbait kasutan: hain ezagun ez diren musikariek onartu behar dituzten katxe baxuak eta langileek pairatzen dituzten lan baldintza eskasak.
Kanpoko kapitalen esku
Profesionalizazio eta kontzentraziorako joera nabarmena izan da azken urteotan festibalen alorrean. Estatu espainiarrean, esaterako, sei enpresen esku daude musika hitzordu nagusiak.
Bizkaiko Last Tour enpresaz gain, eragile nagusi dira Valentziako The Music Republic (FIB Benicássim, Viña Rock eta Arenal Sound, besteak beste), Galiziako Bring The Noise (Resurrection Fest), Bartzelonako Advanced Music (Sonar) eta Primavera Sound eta New Yorken eratutako Live Nation (Madcool). Hazkunde handia izan dute enpresa horiek, eta hasiera batean jaialdi jakin bat antolatzeko eratu baziren ere, urteek aurrera egin ahala beste batzuk eskuratu dituzte. Last Tourrek, esaterako, iaz hartu zuen bere gain Pirineos Surren kudeaketa, eta The Music Republicek ere aspaldi bereganatu zuen Viña Rock. Gauzak horrela, egun 50 festibal baino gehiago hamar enpresaren esku daude.
Espainiako hamar megajaialdi garrantzitsuenetan atzerriko kapitala dago eta horretan zerikusi handia du Superstruct konpainiak
Kontzentrazio eta hazkunderako lasterketa honetan finantzaketaren beharra ezinbestekoa da, eta kasu askotan kanpoko inbertitzaileak sartu dira enpresen kapitalean. Hala, gaur egun Espainiako hamar megajaialdi garrantzitsuenetan atzerriko kapitala dago eta horretan zerikusi handia du Superstruct konpainiak.
KKR funtsa, funts sionista?
Superstruct Estatu Batuetako Providence Equity Partners funtsaren musika-entretenimenduko negozio ildoa da. Musika jaialdiek eskaintzen zuten errentagarritasuna ikusita erabaki zuen Providencek Superstruct eratzea 2017an, mundu mailan liderra zen Live Nation enpresarekin lehiatzeko. Superstructek munduan zehar 80 jaialdi baino gehiago kudeatzen ditu, besteak beste Elrow, Sonar, Mysteryland edo Sziget bezalako ekitaldi ezagunak. Espainiako Estatuan musika elektronikoko jaialdian aitzindaria den Elrow enpresan inbertitu zuen, baita The Music Repubic eta Bring the noise konpainietan ere, eta, modu honetara, estatu mailan 30 festibal baino gehiago eskuratu ditu.
Duela urtebete inguru eskuz aldatu zen Superstruct, enpresen kapitalean (Private Equity ingelesez) inbertitzen duen KKR funtsak Providence Equity Partnersi bere jabetza erosi eta gero, 1,3 mila miloi euro ordainduta .
1976an Jerome Kohlberg, Henry Kravis eta George R. Robertsek eratutako Private Equity konpainia da KKR. New Yorken (AEB) du egoitza nagusia eta munduan zehar dituzten 13 bulegoetatik kudeatzen dituzte inbertsioak. Alor desberdinetako enpresen kapitalean inbertitzen du, eta Euskal Herrian aski ezaguna dugu burututako inbertsioengatik, batez ere Mas Movilen kapitalean parte hartzeagatik, Providencekin batera. KKRk Mas Movili utzi zizkion, beste funtsekin batera, Euskaltel erosteko behar zituen 2.000 milioi euroak.
Zisjordaniako lurralde okupatuetan Israelek sustatzen dituen urbanizazio egitasmoak KKRk finantzatutako higiezinen atarietan saltzen dira
Inbertsio-zorro oso zabala badu ere, Isralekin zerikusia duten eragiketek jarri dute KKR jomugan. Israelgo defentsa eta zibersegurtasun alorrean inbertsio ugari baditu ere, Alemaniako Axel Springer enpresarekin dituen harremanak jomugan jarri dute KKR, sionismoarekin lotuz.
Hainbat hedabideren jabe da Axel Springer taldea, Die Welt, Bild edo Business Insider, besteak beste. Enpresak berak bere webgunean azaltzen duenez, herri judutarra eta Israelgo Estatuaren existentzia-eskubidearen defentsa dute ardatz, besteak beste. Langileak kontratuz Israelen alde agertzeko beharrak polemika handia ekarri du Alemanian, eta badira Gazan gertatzen ari dena kritikatzeagatik kaleratuak izan diren langileak. 2024ko irailean KKRk eta Axel Springerrek enpresaren negozio ildoak banatzea erabaki zuten, eta egun KKR hedabideen negoziotik aldendu bada ere, Axel Springer bazkide du higiezinak kudeatzeko web atarien negozio alorrean. Yad2 da konpainiaren bilatzaileetako bat, bertan lurralde okupatuetan orubeak eta higiezinak saltzen dituztela, Zisjordanian besteak beste. 1967an okupatu zituen Israelek lurralde horiek ilegalki, eta hainbat estatuk eta erakundek, Europako Batasunak besteak beste, kondenatu dute lurralde okupatuetan Israelek sustatzen dituen urbanizazio egitasmo horiek, gerora KKRk finantzatutako higiezinen atarietan saltzen direnak. Sionistatzat kalifikatu dute KKR funtsa halako inbertsioak babesteagatik.
Musikarien boikota
KKRk lurrralde okupatuetan finantzatutako inbertsioen afera zabaldu eta berehala asko izan dira Superstructen esku dauden musika jaialdietan parte ez hartzeko agertu diren artistak, hala nola Reincidentes, La Raiz, Los Chikos del Maiz, Boikot, Ska-P, Kaotiko edo Fermin Muguruza, besteak beste. Viña Rock izan da artista gehien galdu duen festibala, baina dagoeneko hasi dira beste jaialdietan ere antzeko mezuak entzuten.
Jaialdien antolatzaileak ere hasi dira KKRren aurrean posizionatzen. Sonar izan da horreetan lehena. Astelehenean bertan KKRren edozein ekimenetik aldentzen direla dioen komunikatua atara zuen, “Gazan bizi den hondamendi humanitarioan harrapatuta dauden bizanlte zibil palestinarrekiko elkartasuna” azalduz. Palestinaren aldeko mugimenduek, ordea, ez dute nahikotzat hartu komunikatua .
Ernest Urtasun Espainiako Kultura ministroak ere kezka azaldu du afera honen inguruan. Hala, ministroak “KKR ez dela ongi etorria” adierazi zuen Palestinan legez kanpoko finkapenak hedatzen laguntzen duelako eta musika jaialdiekin duen harremana kritikatu zuen.