Klima-aldaketaren ondorioak gero eta nabarmenagoak dira Gipuzkoako ekonomian eta lurraldean. Naturklimako Klima Aldaketaren Behatokiak gaur aurkeztu duen Klima Aldaketaren Eraginari eta Zaurgarritasunari buruzko VII. Txostenaren arabera, muturreko fenomeno meteorologikoek 57,96 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuten 2014tik 2024ra bitartean. Horietatik 47,37 milioi euro Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak ordaindutako kalte-ordainei dagozkie, eta gainerako 10,58 milioiak kalte horien zeharkako ondorio ekonomikoei.
Kalteak ez dira etxebizitzetara, saltokietara eta industrietara mugatzen: hornidura-kateak eten eta jarduera ekonomikoa geldiaraz dezakete, besteak beste. Horrenbestez, txostenak prebentzioaren eta klima-aldaketara egokitzeko neurrien garrantzia azpimarratu du. José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuaren hitzetan, "klima-aldaketara egokitzea gure ekonomia babestea eta herritarren segurtasuna eta ongizatea bermatzea ere bada".
Arrisku meteorologikoei dagokienez, 2014tik 2025era bitartean kaltegarritasun-atalaseak (eguraldiak arrisku-maila jakin bat gainditzen duen egoerak) 566 aldiz gainditu ziren, guztira 435 egunetan. Haizearekin lotutako gertakariak izan ziren ohikoenak, eta ondoren prezipitazio handiak. Itsas enbatek, ordea, alerta gorriko egoeren proportziorik handiena eragin zuten: %31,7. Gainera, 97 egunetan bi arrisku meteorologiko edo gehiago gertatu ziren aldi berean, eta atalaseen gainditzeen %77,38 azaroa eta martxoa bitartean izan ziren.
Txostenak, halaber, muturreko bero-gertakarien gorakada nabarmendu du: egun beroak, gau beroak eta gau tropikalak gero eta ugariagoak dira Gipuzkoan. Prezipitazioen banaketan ere aldaketak antzeman dituzte, udaberri lehorragoetarako joerarekin, eta itsas mailaren igoerak kostaldeko arriskua handituko duela ohartarazi dute.
Eragin ekonomikoaren azterketak 13.678 erreklamazio jasotzen ditu. Donostialdean bildu ziren erreklamazio gehien eta kalte-ordainetan ordaindutako kopururik handienak; Urola Kostan, berriz, biztanleko kalte-ordainik handienak erregistratu ziren. Itsas enbatek eragin zituzten kosturik handienak. Naturklimak eta Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, azkenik, udalekin eta eskualdeekin elkarlanean jarraitzeko beharra nabarmendu dute, lurraldearen prebentzioa eta klima-aldaketara egokitzeko gaitasuna indartzeko.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta