• EKONOMIA
  • Kofradia Basque Seafood sortu da EAEko tokiko arrantza modernizatzeko

Kofradia Basque Seafood sortu da EAEko tokiko arrantza modernizatzeko

Sozietate berria Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleen kofradiek eta Hazilur S.A.k osatzen dute, eta lehengo POSA Proyecto Ondarroa konpainiaren jarduera eta enpleguak hartuko ditu bere gain

POSA Proyecto Ondarroa S.A. | Argazkia: Irekia
POSA Proyecto Ondarroa S.A. | Argazkia: Irekia
2025eko azaroaren 5a - 16:36

Kofradia Basque Seafood S.A. enpresa sortu berri dute Bizkaiko eta Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioek eta Hazilur S.A. sozietate publiko-pribatuak, eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso dute. Proiektuaren helburua da euskal arrantza-sektorea indartzea eta POSA Proyecto Ondarroa S.A. zaharraren jarraipena bermatzea, gaur egun hartzekodunen konkurtsoan eta likidazio-prozesuan dagoena.

 

Hazilur S.A. erakundeak, Haziren bidez Eusko Jaurlaritzaren % 50eko partaidetza duenak, EAEko lehen sektorearen, nekazaritzako elikagaien industriaren eta landa- eta kosta-ingurunearen garapena sustatzen du. Konpainia berriak POSA Proyecto Ondarroa enpresaren ekoizpen-unitatea erosi du, eta lanpostu guztiak mantenduko ditu udalerrian, tokiko enpleguaren jarraipena ziurtatuta.

Proiektua EAEko lehen sektorea eta arrantza “eraldatzeko eta modernizatzeko” estrategiaren barruan dago. Kofradia Basque Seafoodek sektoreak arrainaren merkaturatzean eta eraldaketan zuzenean parte hartzea bultzatuko du, eta, horrez gain, “laugarren eta bosgarren gamako produktu-lerro berri bat” txertatuko du, “xerratan egindako, ontziratutako eta prestatzeko prest dagoen arrainaren elaborazioan oinarritua, baita kontsumitzeko prest dauden plater prestatuen produkzioan ere”, kalitate- eta jasangarritasun-irizpideei jarraiki eginak.

 

Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak nabarmendu duenez, “Kofradia Basque Seafoodekin urrats berri bat ematen dugu euskal arrantza-eredu moderno, iraunkor eta etorkizunekoa eraikitzeko, non sektoreak berak modu aktiboan parte hartzen duen balio-katean eta kalitatezko enpleguaren sorreran”.