• EKONOMIA
  • “Konfrontazioaren bidean jarraitzeko” deia egin du ELAk

“Konfrontazioaren bidean jarraitzeko” deia egin du ELAk

16. Kongresu Konfederala abiatu du gaur sindikatuak. Erakunde publikoak politika "neoliberalak" egiten jarraitzen dutela aldarrikatu du Lakuntzak

David de Haro | Europa Press
David de Haro | Europa Press
2025eko ekainaren 2a
Eg. 2025eko ekainaren 2a

Langileria antolatu, gizartea eraldatu lelopean, gaur goizean ekin dio ELAk bere 16. Kongresu Konfederalari. Bertan, Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak “konfrontazioaren bidean jarraitzeko” eskatu die sindikatuko afiliatuei, “grebei esker, lan hitzarmen kopururik altuena eta sinatutako akordiorik onenak” lortuko dituztelako.

 

Guztira sindikatuko 736 ordezkari daude deituta bihar arte iraungo duen kongresuan parte hartzera, eta kudeaketa txostena bozkatuko dute gaur arratsaldean.

Lakuntzak gogoratu du ELA dela Hego Euskal Herrian ordezkaritza handiena duen sindikatua, %35,79koa, eta esan du arazoa dela Eusko Jaurlaritzak ez dituela akordioak lortu nahi sindikatuarekin. Halaber, 2023an deitutako greba egunen %80,54 ELAk antolatu zituen Euskal Autonomia Erkidegoan.

 

Era berean, azken lau urteak ez direla errazak izan nabarmendu du, patronalak lan hitzarmen ugari “blokeatuta” izan dituelako eta inflazioak langileei kalte egin dielako. Lakuntzaren hitzetan, erakunde publikoek politika “neoliberalak” egiten jarraitzen dute, eta hiritarren interesak alde batera utzita, enpresa handien aldeko erabakiak hartzen dituzte.

Imanol Pradalesen Jaurlaritzari berriari dagokionez, adierazi du elkarrizketa berreskuratu beharrean, ez dela funtsezko aldaketarik izan eta egiturazko arazoek bere horretan jarraitzen dutela. Hori dela eta, "zerga sistemaz gain, aurrekontu eskasak izatea oztopo handia da, egungo politika bankuen neurrira diseinatuta dagoelako, negozio baten gisan".

EAJk eta PSE-EEk Elkarrekin Podemosekin batera adostuta erreforma fiskala ere kritikatu du Lakuntzak, eta EH Bilduri alternatibarik ez aurkezteagatik "konpromiso falta" egotzi dio.