Kongresuak EAEko Kontzertu Ekonomikoa, bosturtekorako Kupoa eta Nafarroako Hitzarmena babestu ditu

Aldeko 278 boto jaso dituzte, kontrako 60, eta ez da abstentziorik izan

Maria Jesus Montero Ogasun ministroa Kongresuan egin duen agerraldian | Argazkia: Europa Press Maria Jesus Montero Ogasun ministroa Kongresuan egin duen agerraldian | Argazkia: Europa Press

Espainiako Kongresuaren Osoko Bilkurak, Ciudadanosen eta Voxen kontrako botoekin, argi berdea eman die 2022-2026 bosturtekorako Euskal Autonomia Erkidegoko kupoa berritzen duen lege proiektuari, Kontzertu Ekonomikoari eta Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoari. Aldeko 278 boto jaso dituzte, aurkako 60, eta ez da abstentziorik izan. Hala, atzera bota dituzte hiru lege proiektu horiei Voxek eta Ciudadanosek aurkeztutako osoko zuzenketak .

Hiru lege horien tramitazioa irakurketa bakarraren bidez eta bide azkarraren bidez egin da, hau da, ponentziatik eta batzordetik igaro gabe eta epeak laburtuz, eta orain Senaturako bidea hartu dute, bertan behin betiko onartzeko.

Onarpen honekin, Kupoaren 2022-2026 bosturteko legea berritzen da, 1.472 milioi euroko oinarrian finkatzen dena, eta EAEko Kontzertu Ekonomikoarekin eta Nafarroarekin zerga berriak hitzartzeko akordioa aldatzen dira, hala nola aberastasun handiena edota plastikoena.

Zerga berriak

Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Ituna aldatzeko lege proiektuak adierazten du, zerga berriak euskal ogasunek kudeatuko dituztela aurrerantzean. Tartean leudeke, plastikozko ontzi ez-berrerabilgarrien gaineko zerga berezia edota aberastasun handien pilaketaren aldi baterako zerga, abenduaren 27ko Batzorde Mistoan ezarritakoaren arabera.

Euskadiko kupoari dagokionez, Batzorde Mistoak Espainiako Gobernuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean egindako bileraren emaitza da bost urteko legea berritzea. Bilera horretan, egozpen-indizea %6,24an mantentzea erabaki zen, eta Euskadik oinarrizko urtean Espainiari 1.472 milioi euroko behin-behineko ekarpena egitea adostu zen. Nolanahi ere, 2022-2026 bosturtekorako kupoaren metodologia berriak Euskal Autonomia Erkidegoak aurreko bosturtekoan Espainiako Estatuari ordaintzen zion zenbatekoaren oso antzeko zenbatekoa du.

Behin betiko zenbatekoak honela banatzen dira: 2021eko kupo likidoa (1.403 milioi euro), finantza-konpentsazioak (behin betikoa 2021 eta behin-behinekoa 2022) eta enplegu-politika aktiboen balorazioa (behin betikoa 2021 eta behin-behinekoa 2022).

Bestalde, Nafarroarekin sinatutako hitzarmenak, bankuei eta energia enpresei ezarritako zergak eta berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga ituntzea jasotzen ditu. Foru Gobernuak aurreikusten du horiekin 104 milioi euro biltzea 2023an eta 2024an.

Espainian ezarriko den aberastasun handien gaineko zerga berriari lotuta, Nafarroak bere gain hartuko du bere araudi propioarekin, baina praktikan ez da aplikatuko, Foru Erkidegoan ondarearen gaineko zergak indarrean jarraituko baitu.

Energia eta finantza entitateen aldi baterako zergei dagokienez, Nafarroak Espainia osoan 2023an eta 2024an sortutako diru-sarreren zenbatekoaren %1,6 jasoko du. Gainera, Foru Erkidegoak bere gain hartuko du oso-osorik bi zergen bilketarekin finantzatzen diren Espainiaren laguntzen definizioa eta kudeaketa.

Kongresua onartu eta berehala iritsi da Eusko Jaurlaritzaren erreakzioa. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak “pozik” hartu du onarpena, “bozketa EAEko herritar guztientzat oso garrantzitsua” izan dela gaineratuz. Bere ustez, jasotako babesak “Kontzertuaren eta Kupoaren inguruan aitorpena eta errespetua” dagoela esan nahi du, baina, alderdi batzuek gaiari buruz egin duten erabilera kritikatu du, Ciudadanosi eta Voxi erreferentzia eginez, “lege proiektuak hauteskundeetan erabiltzen saiatzeagatik”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK