Kontratak eta azpikontratak: langileak babesteko premia

Langileen Estatutuak hainbat oinarri eskaintzen ditu kontraten eta azpikontraten kontratazioari dagokionez, baina baita zenbait arazo ekarri ere

Catering zerbitzua | Argazkia: iStock Catering zerbitzua | Argazkia: iStock

Enpresa pribatuek nahiz publikoek sarritan jotzen dute kontratetara, eta azken horiek azpikontratetara. Askotarikoak izan daitezke horretarako arrazoiak: ekonomikoak, antolaketarekin nahiz teknologiarekin zerikusia dutenak, teknikoak eta baita ideologiko edo politikoak ere.

Espainiako Konstituzioaren 38. artikuluak aitortutako enpresa-askatasunak ahalbidetzen ditu kontratak eta azpikontratak baliatzea. Langileen Estatutuak kontrata eta azpikontratetako langileak babestea du xede. Ildo beretik, bestelako arau batzuek ere ezarri dituzte langileok babesteko neurriak. Baina sarrera honetan Langileen Estatutuak jasotako neurriei erreparatuko zaie soilik. Edozein kasutan, praktikan, kontrata eta azpikontratetako langile gehienak ez dira babesten.

LANGILEEN ESTATUTUAK DITUEN ARAUKETA-ARAZOAK

Langileen Estatutuaren 42. artikuluak arautu du kontratetako eta azpikontratetako langileen babesa. Alabaina, manu hori aplika dadin, eta, ondorenez, horrek araututako babesa, ezinbestekoa da bi baldintza betetzea.

Aurrena, kontrata edo azpikontrata zer den ondo ulertu behar da. Legegileak ez du hori zehaztu, baina praktikan onartu da kontratatzat ulertu behar dela Kode Zibilaren zerbitzu-errentamendua edo obra betearaztea eta, zehatzago, horien aldaera den enpresa-kontratua, betiere, halakoek eragiten badute enpresa batek beste bati begira zerbait egiteko betebeharra bere gain hartzea. Horrela, egite hori izan daiteke obra zehatz bat betearaztea edo zerbitzu zehatz bat ematea.

Nabarmendu behar da kontratetan eta azpikontratetan parte hartzen duten enpresaburuek lan-enpresaburuak izan behar dutela, alegia, Langilearen Estatutuaren 1.2 artikuluak zehaztutako enpresaburuak.

Halaber, nabarmendu behar da kontratetan eta azpikontratetan parte hartzen duten enpresaburuek lan-enpresaburuak izan behar dutela, alegia, Langilearen Estatutuaren 1.2 artikuluak zehaztutako enpresaburuak. Horrek berarekin dakar, benetako kontrata edo azpikontratatzat ez hartzea lan-enpresaburuaren ahalmenak egikaritzen ez dituzten enpresaburuek alegatutakoak. Izan ere, kasu horietan Langileen Estatutuaren 43. artikulua aplikatu behar da, hau da, langileak legearen aurka beste enpresaburu batzuei lagatzea saihestu behar da.

Hurrena, enpresaburu nagusiak beste enpresaburu batekin kontrata dezakeena, edo enpresaburu kontratari horrek beste batekin azpikontrata dezakeena, berezko jarduera izan behar da. Arazoa da legegileak ez duela zehaztu zer ulertu behar den berezko jardueraz. Bada, hori ulertzeko moduak zeharo baldintzatzen du kontrata eta azpikontratetako langileak babestea ala ez babestea.

Nagusi den jurisprudentzia berezko jarduera zehazteko

Gaur egun jurisprudentzian nagusi den joeraren arabera, gehienbat, 1995eko urtarrilaren 18ko Auzitegi Gorenaren (150/1994 db. errek. zk.) epaiaz geroztik, berezko jarduerak bere baitan hartzen ditu soil-soilik modu materialean enpresaburu nagusiaren ekoizpen-ziklora biltzen diren egitekoak, halakoek enpresaburu nagusiak gauzatu ohi dituen jardueren izaera badute. Horrenbestez, jarduera osagarriak bazter uzten dira, hala nola, garbiketa, mantentze-lanak, jagoletza, garraioa eta cateringa.

Edonola ere, kontraren edo azpikontrataren egitekoak izaera iraunkorrarekin enpresaburu nagusiaren jardueraren oinarri direnean, Auzitegi Gorenak sarritan onartu du berezko jardueraren izaera. Halakoetan, enpresaburu nagusiaren jarduerari datxekion egitekoaz mintzatzen da. Horren adibide da telefono-linea ezartzea Telefónicaren berezko jarduera gisa hartu izana (Auzitegi Gorenaren 2002ko azaroaren 22ko epaia, 3904/2001 db. errek. zk.).

Jarduera osagarriak bazter uzten dira, hala nola, garbiketa, mantentze-lanak, jagoletza, garraioa eta cateringa.

Horregatik, ez da harritzekoa Auzitegi Gorenak adierazi izana berezko jarduera zehaztu behar dela kasu bakoitzaren egitate eta inguruabarren arabera (esaterako, 1998ko azaroaren 24ko epaian, 517/1998 db. errek. zk.).

Berezko jarduerara bildutako kasu berezia: jabe-erkidegoetako kontratak

Adibidez, oraintsu, Auzitegi Gorenak adierazi du (2022ko maiatzaren 27ko epaian, 3307/2020 db. errek. zk.) jabe-erkidego batek enpresaburu nagusi gisa diharduela erkidego horren mesederako gauzatutako kontraten eta azpikontraten kasuan, eta azken horiek eskainitako zerbitzuak haren berezko jarduerara biltzen direla.

Auzitegi Gorenaren esanetan, zerbitzu horiek ematen dira erkidegoaren eskumenekoak diren ardurak gauzatzeko, hots, erkidegoaren zerbitzuak hobetzeko beharrezkoak edo komenigarriak diren neurriak hartzearen ondorioz

Hurrean ere, Auzitegi Gorenaren esanetan, zerbitzu horiek ematen dira erkidegoaren eskumenekoak diren ardurak gauzatzeko, hots, erkidegoaren zerbitzuak hobetzeko beharrezkoak edo komenigarriak diren neurriak hartzearen ondorioz (adibidez, garbitze-zereginak eta atezaintza). Azken buruan, Auzitegi Gorenak dio zerbitzu horiek izateko jabe-erkidegoak aukera dezakeela alokairuko langileak kontratatzea edo kontrata eta azpikontratak baliatzea.

Berezko jarduera esangura zabalean ulertu zuen jurisprudentzia

Aitzitik, ezin ahatz daiteke, aipatu jurisprudentzia hori nagusitu aurretik, auzitegi batzuek esangura zabalagoan ulertu zutela berezko jarduera. Hurrean ere, auzitegi horientzat berezko jarduerara biltzen dira enpresaburu nagusiaren ohiko jarduerari begira izaera osagarria duten egitekoak ere, baina halakoak behar-beharrezkoak direnean bakarrik, enpresaburu nagusiaren ohiko egitekoa gauzatze aldera, bere ekoizpen-zikloaren baitan.

Esaterako, egiteko osagarriei dagokienez, 1994ko azaroaren 10eko Kanarietako/Las Palmaseko Auzitegi Nagusiaren epaiak (99/1994 errek. zk.) adierazi zuen berezko jarduera dela klub nautiko bateko taberna-jatetxearen zerbitzua, honakoa hau oinarri: "klub nautikoaren helburua da bertako bazkideen denbora-pasa eta jolasa. Eta hori lortzen da kirol nautikoak eskainiz, emaitza nagusi moduan, baina baita taberna-jatetxearen zerbitzu osagarriekin ere, horiek gabe gaitz balitzateke kluba izatea, horri eustea" (3. Zuzenbideko Oinarria).

Langileen Estatutua eraldatzeko proposamena

Egon dauden arazoak ikusita, eta, batik bat, aintzat hartuta babesik gabe geratzen direla, gehienetan, lan-baldintza eskasenak izan ohi dituzten langileak, hau da, gaur egun berezko jarduerara biltzen ez diren kontrata eta azpikontratetako langileak, komenigarri litzateke berezko jardueraren baldintza ezabatzea. Modu horretara, Langileen Estatutuaren 42. artikuluak eskainitako babesa kontrata eta azpikontrata guztietako langileei hedatuko litzaieke. Horren ondorioz, enpresaburu nagusiak arduratsuagoak izango lirateke enpresaburu kontratari eta azpikontratariak kontrolatzean, horiek euren langileekin aplikatu beharreko lan-baldintzei dagokienez. Labur-zurrean esanda, kontraten eta azpikontraten merkatua nabarmen onbideratuko litzateke.

Egon dauden arazoak ikusita, [...] komenigarri litzateke berezko jardueraren baldintza ezabatzea. [...] Enpresaburu nagusiak arduratsuagoak izango lirateke enpresaburu kontratari eta azpikontratariak kontrolatzean, horiek euren langileekin aplikatu beharreko lan-baldintzei dagokienez

Jakina, eraldaketa horrek enpresaburu nagusien erantzukizuna areagotuko lukeenez, posible litzateke, egungo arauketan nagusi den erantzukizun solidarioaren ordez erantzukizun subsidiarioa ezartzea. Bestela esanda, eta, hemen jasotako proposamena laburbilduz, alderdien arteko interesen orekari eusteko, bateko, berezko jardueraren aipamena ezabatuko litzateke Langileen Estatutuaren 42. artikulutik, eta, besteko, manu horretan ezarritako erantzukizun solidarioaren ordez erantzukizun subsidiarioa ezarriko litzateke, kasu guztietan.

LANGILEEN ESTATUTUAK LANGILEAK BABESTEKO JASOTAKO NEURRIAK

Gaur egun, lau dira Langileen Estatutuaren 42. artikuluak langileak babesteko jaso dituen neurri nagusiak.

Lehena, kontrata egin aurretik enpresaburu nagusiak ez badu egiaztatzen, Gizarte Segurantzari hala galdetuta, enpresaburu kontratariak bere langileei begira ordaindu gabeko kotizazioak ote dituen, behin kontrata gauzatuta, enpresaburu nagusiak erantzukizuna izango du enpresaburu kontratariko langileei begira, azken horrek egin gabeko kotizazioei dagokienez. Langileen Estatutuak kasu horretan ez du zehaztu erantzukizun horren izaera. Baina Gizarte Segurantzaren arauketa oinarri hartuta, erantzukizun subsidiarioaren alde egin beharko litzateke beti.

Behin kontrata gauzatuta, enpresaburu nagusiak, berak egindako enkargua amaitu eta hurrengo urtean, enpresaburu kontratariek euren langileekiko hartu dituzten alokairu-izaerako betebeharren gainean erantzukizun solidarioa izango du. Kasu horretan alokairutzat hartu beharrekoa zehazteko Langileen Estatutuaren 26. artikuluak dioena hartu behar da kontuan.

Behin kontrata gauzatuta, enpresaburu nagusiak erantzukizun solidarioa izango du zenbait kasutan

Orobat, behin kontrata gauzatuta, enpresaburu nagusiak erantzukizun solidarioa izango du, berak egindako enkargua amaitu eta hurrengo 3 urtean, kontratak indarrean iraun bitartean enpresaburu kontratariek Gizarte Segurantzari begira hartutako betebeharren gainean. Nagusi den jurisprudentziaren arabera (besteak beste, 2000ko abenduaren 22ko Auzitegi Gorenaren epaia, 4069/1999 db. errek. zk.), betebehar horietara bil daitezke soil-soilik Gizarte Segurantzak aurreratutako kuotak (hala denean, zor diren kuotak berandu ordaintzeagatiko errekarguak barne direla) eta prestazioak, enpresaburuen ez-betetzeak daudenean (batetik, langileak ez afiliatzeagatik edo horiei altarik ez emateagatik; bestetik, eskuordetutako ordainketak ez egiteagatik, adibidez langileak aldi baterako ezgaitasunaren ondorioz bajan daudenean).

Halaber, nabarmendu behar da, bigarren eta hirugarren neurrien kasuan, erantzukizun solidarioa hedatzen zaiela kontrata-katean parte hartzen duten enpresaburu guztiei (2022ko uztailaren 9ko epaia, 2175/201 db. errek. zk.).

Erregela nagusi gisa, enpresaburu kontratari eta azpikontratarien enpresetan aplikatu behar da kontratan edo azpikontratan zein jarduera gauzatu eta jarduera horri dagokion sektoreko hitzarmen kolektiboa

Erregela nagusi gisa, enpresaburu kontratari eta azpikontratarien enpresetan aplikatu behar da kontratan edo azpikontratan zein jarduera gauzatu eta jarduera horri dagokion sektoreko hitzarmen kolektiboa, kontuan hartu gabe enpresa kontratari eta azpikontratarien sozietate-xedea edo forma juridikoa zen den. Adibidez, langileek garbiketa-zereginak gauzatzen badituzte, garbiketaren hitzarmen kolektiboa aplikatu beharko zaie langile horiei.

Salbuespenak salbuespen

Hala ere, erregela nagusi horrek bi salbuespen ditu. Batetik, estatutu-izaerako sektoreko beste hitzarmen kolektibo aplikagarriren bat dagoenean, horrek lehentasuna izango du. Bada, legegilea pentsatzen ari da, bihar-etzi Langileen Estatutuaren 83, 84 eta 86. artikuluak oinarri hartuta, enpresa kontratarientzako eta azpikontratarientzako edota zerbitzu-anitzeko enpresentzako negozia daitezkeen hitzarmen kolektiboetan.

Bestetik, enpresa kontratari eta azpikontratariek hitzarmen propioa dutenean, hori berori aplikatuko da, Langileen Estatutuaren 84. artikuluak ezarritakoaren arabera.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK