• EKONOMIA
  • Kontsumitzaileen estatutu berria onartu du Legebiltzarrak, erabiltzaileen eskubideak indartzeko

Kontsumitzaileen estatutu berria onartu du Legebiltzarrak, erabiltzaileen eskubideak indartzeko

Kontsumobidek bidegabe jasotako zenbatekoak kontsumitzaileei itzultzea erabaki ahal izango du bere zigorretan

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua Eusko Legebiltzarrean | Argazkia: Irekia
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua Eusko Legebiltzarrean | Argazkia: Irekia
2023eko apirilaren 27a

Eusko Legebiltzarrak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko Legea onartu du ostegun honetan. Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak azaldu duenez, araudia kontsumo ohitura berrietara egokitu dute, pertsona kalteberenak bereziki babestuz eta, besteak beste, aldez aurreko hitzordurik gabe etxean saltzeko debekua ezarriz. Araudi berriak 2003az geroztik indarrean dagoena ordezkatuko du.

Halaber, neurri nagusietako bat kalte ordainekin lotuta dago, Kontsumobidek enpresak zigortu ahal izango baititu kontsumitzaileei bidegabe kobratutako kopuruak itzultzera, bai eta eragindako kalteengatik ordaina eman behar izatera ere. Orain arte, auzitara jo beharra izaten zen dirua erreklamatzeko.

 

Prezioei lotuta, estatutu berriak dio kontsumitzaileei “argi eta garbi” erakutsi behar zaizkiela produktuen zenbatekoak, deskontuak edota aplikatutako zergak ere barne hartuta.

Euskarari lotuta diru laguntzak jasotzen dituzten saltoki eta zerbitzuek, berriz, hizkuntza horretan erantzuteko gaitasuna izan beharko dute, horretara behartuta ez dauden arren. 2002ko araudian bezala, saltoki handiek soilik izango dute betebehar hori.

 

Bestetik, janaria alferrik ez gastatzeko, ostatuek iturriko ura eskaini beharko diete bezeroei doanik. Argi eta garbi jakinarazi beharko dute, bestalde, kontsumitu ez dituzten jakiak tuper batean etxera eramateko aukera dutela.

Horiek lirateke araudi berriak barne hartzen dituen neurrietako batzuk. Betetzen direla bermatzeko, Kontsumobidek handitu egingo ditu ikuskapen eta kontrolak. Erakundeko ikuskatzaileak aurretik abisatu gabe joateko aukera izango dute saltokietara, eta ez dute identifikatu beharrik izango.

Arau hausteak zigortu egingo dira eta legeak larritasunaren arabera ezartzen ditu zigor horiek: 150 eurotik milioi bat euroraino.

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutu berriak EAJ, PSE-EE, Elkarrekin Podemos-IU eta PP-Ciudadanosen babesa lortu badu ere, EH Bilduk eta Voxek aurka bozkatu dute. Legeak erabiltzaileen eskubide batzuk hobetzen baditu ere, beste alor batzuetan babes eta berme gehiago behar dituela salatu du EH Bilduk, euskararen neurrian, adibidez.