
Bihar, martxoaren 15, Kontsumitzaileen Eskubideen Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, Euskal Kontsumitzaileen Alkarteak gogorarazi nahi izan ditu kontsumitzaile orok ezagutu behar dituen oinarrizko eskubideak, zeinak helburu duten “merkatu bidezkoagoa eta seguruagoa bermatzea”.
“Osasuna eta segurtasuna babesteko eskubidea” da lehenengoa; alegia, produktu eta zerbitzuek segurtasun-estandarrak bete behar dituzte, kontsumitzaileari arriskurik ez sorrarazteko. Bestetik, bezeroek “informazioa jasotzeko eskubidea” eduki behar dute, hau da, produktuei eta horien ezaugarriei buruzko informazio argia eta egiazkoa jaso behar dute (erabilera-baldintzak eta prezioa barne hartuta).
“Hezkuntzarako eta prestakuntzarako eskubideak” eroslea ahalbidetzen du dituen eskubideak zein diren ezagutzera, eta, hori jakinda, kontzienteki erabakiak hartzeko parada izan behar du. Azkenik, “interes ekonomikoak babesteko” eta “ordezkaritza izateko eta parte hartzeko” eskubideak azaldu ditu elkarteak: aurrena, kontsumitzaileak iruzurretatik zein abusuzko klausuletatik babesteko, eta, bigarrena, ahotsa izateko merkatuaren eta haien eskubideen babesari eragiten dieten erabakietan.
Eskubide horiek egunero urratzen direla salatu du elkarteak, kontsumitzaileak babesgabe utzita enpresa handien aurrean, kontratuetako “abusuzko klausulek, publizitate engainagarriak edo online erosketetan sortzen diren arazoak” direla eta. Gauzak horrela, bezero eta erosleei eskatu diete, eskubideak zein diren ezagutzeaz gain, “urteko egun guztietan” erabiltzeko, exijitzeko eta defendatzeko.