• EKONOMIA
  • Banketxeen sektoreak jaso zuen Kontsumobidek iaz jarritako isunen herena

Banketxeen sektoreak jaso zuen Kontsumobidek iaz jarritako isunen herena

Seguruak ez ziren 23.331 produktu kendu zituen iaz erakundeak merkatutik

Argazkia: Kontsumobide
Argazkia: Kontsumobide
2026eko martxoaren 9a - 13:22

457 espediente zigortzaile jarri zituen iaz Kontsumobidek, eta guztira 1,7 milioi euroko isunak ezarri zituen. Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoa denak, EAEko kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak babestea du eginkizun nagusia.

 

Erakundeak azaldu duenez, bankuen sektoreak jaso zuen, guztira, zigorrik altuena: 28 isun ezarri ziren, zeinak guztira 510.200 euroko balioa izan zuten. Era berean, merkatuaren kontrolari dagokionez, 1.777 ikuskapen egin zituen erakundeak, batik bat jostailuen eta elikaduraren alorrean, eta “seguruak ez ziren” 23.331 produktu kendu zituen.

Martxan jarritako espedienteak 457 izan arren, urte osoan zehar 41.300 kontsulta eta 27.000 erreklamazio jaso zituen Kontsumobidek. Kasu horretan, telekomunikazioen eta telefoniaren sektorea izan zen erreklamazioen buru. Bestalde, arazo guztien erdia baino gehiago (%56) Internet bidez erosketak egitean sortu zirela baieztatu du Kontsumobidek.

 

Horrelako gatazkei aurre egiteko, erakundeak formazioak ere eskaintzen ditu. 2025. urtean, zehazki, 3.030 ekintza egin ziren, 32.000 pertsonarengana iritsita. “Prestakuntza da Kontsumobideren oinarri estrategikoenetako bat, kontsumo-erabakietan kontzienteagoa, kritikoagoa eta arduratsuagoa den euskal gizartea izateko”, diote erakundekoek.