• EKONOMIA
  • Korrikaren aurkezpen soziala egin dute Iruñean

Korrikaren aurkezpen soziala egin dute Iruñean

Orotara 3.436 lekuko-hartze egingo dira aurtengo edizioan, inoiz baino gehiago.

Argazkia: AEK
Argazkia: AEK
2026eko martxoaren 6a - 10:10

Gero eta gutxiago falta da Korrikaren 24. edizioa hasteko, eta atzokoan ekitaldiaren aurkezpen soziala egin zuten Iruñean. Bertan euskararen ezagutza unibertsala eta helduen euskalduntzea jarri zituen lehen lerroan AEKk eta aktibaziorako deia luzatu zion euskaldun komunitate osoari.

 

Xabi Gartzia AEKren Nazio Kontseiluko kideak nabarmendu zuen euskaldunon komunitateari euskararen ezagutza unibertsala zor zaiola, eta herritar guztiek euskaraz eroso bizitzeko eskubidea aldarrikatu zuen. Horretarako, bere hitzetan, ezinbestekoak dira hizkuntza- politika eta erreminta “ausart eta sendoak”, doakoak eta guztiontzat eskuragarriak.

Euskara gara da aurtengo Korrikaren leloa, eta Ane Elordi egitasmoaren arduradunak zera adierazi zuen: “Euskara ez da muga, arnasa baizik; zubi gisa landu behar da, kohesio sozialerako tresna moduan”.

 

24. Korrika Atharratzetik abiatuko da, eta 2.180 kilometro egingo ditu Euskal Herrian barrena. Orotara 3.436 lekuko-hartze egingo dira, inoiz baino gehiago. Antolatzaileek aurreratu dutenez, edizio honetan hainbat egitasmo berezi izango dira, tartean bestelako aldarri sozialak eta Errigora aurtengo omenduari lotutako ekitaldiak.