
Kontsumo Prezioen Indizeak (KPI) gora egin du urtarrilean EAEn, baina ez da hala izan Nafarroan. Izan ere, EAEn %0,1 igo da indizea abenduaren aldean, eta, aldiz, Nafarroan %0,2 jaitsi da. Aurreko urteko epe beraren aldean, ordea, prezioek gora egin dute Hego Euskal Herrian, zehatz-mehatz, %3,5 EAEn eta %3,0 Nafarroan. Datuak gaur eman ditu aditzera INE Espainiako Estatuko Institutu Nazionalak.
2024ko urtarrilaren aldean prezioak gehien igo diren sektorea etxebizitzarena (ura, elektrizitatea, gasa eta bestelakoak barne) izan da, hots, %8,8 EAEn eta %7,6 Nafarroan. Oro har, sektore guztietako prezioak altuagoak dira egun aurreko urtean baino; prezioak parekoen mantendu diren sektorea altzari eta etxeko tresnena izan da Nafarroan, %1,0ko gorakadarekin, eta komunikazioarena EAEn, %1,3ko hazkundearekin.
2024ko abenduko zifrekin alderatuta, arropen sektorean izan da prezioen beherakada nabariena, bai EAEn (-%12,2), baita Nafarroan (-%11,6) ere. Bigarren prezioen jaitsiera nagusia kultura eta aisialdiaren arlokoa izan da, %4,2 EAEn eta %4,3 Nafarroan. Kontrara, hilabeteko epean etxebizitzen sektorean hazi da gehien inflazioa, %4,8 EAEn eta %4,1 Nafarroan.