
Prezioek gora egiten jarraitzen dute Hego Euskal Herrian. INE Espainiako Estatistika Institutuak gaur zabaldutako behin betiko datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan, KPIa %2,4koa izan da maiatzean, eta %2koa Nafarroan. Dena den, azken hilabetean igoera pixka bat apaldu da, Urte arteko tasak bi hamarren egin du behera EAEn, eta hiru hamarren Nafarroan.
Apiriletik maiatzera, inflazioa bi hamarren hazi da EAEn eta hamarren bat murriztu Nafarroan. Halaber, urtea hasi zenetik, prezioak %1,5 garestitu dira Euskal Autonomia Erkidegoan eta %1,1 Nafarroan
Argindarra eta elikagaiak iaz baino gutxiago garestitu izanak eragin dute jaitsiera. Turismoarekin lotutako zerbitzuen merkatzeak ere eragina izan du, Espainiako Ekonomia Ministerioaren arabera.
Espainiako Estatuan, KPIaren urtebeteko tasa %2an gelditu da, apiriletik bi hamarren murriztu delarik. Iazko urritik izandako tasarik txikiena da, orduan %1,8koa izan baitzen. Bestalde, azpiko inflazioa bi hamarren apaldu da maiatzean, %2,2raino jaitsita.