Kriptodiruaren loraldia: goia noiz joko zain

71.500 dolarreko marka historikora heldu zen bitcoina duela hiru aste. Gora egiten jarraitzeko testuinguru ekonomikoa alde badu ere, hegazkortasunak bere bilakaera baldintzatzen jarraitzen du

Egun 19 milioi bitcoin daude zirkulazioan, eta 2140 urterako bere ekoizpena bukatuko da | Argazkia: iStock Egun 19 milioi bitcoin daude zirkulazioan, eta 2140 urterako bere ekoizpena bukatuko da | Argazkia: iStock

Urrearekin parekatu dute askok bitcoina. Metal preziatua bezala diru mugatua da Bitcoina, Satoshi Nakamoto izeneko kolektiboak sortua 2008an. Nazioarteko ekonomia dardarka jarri zuen finantza krisiaren testuinguruan, bestelako transakzio eredua aldarrikatu nahi izan zuten bitcoinaren sortzaileek, deszentralizatutako finantza sistema berri bat. Merkatuetako begirale zein agintarien bitartekaritzaren bidezko transakzioen aurrean, erabiltzaileen arteko aktiboen truke zuzena proposatu zuen Satoshi Nakamotok, blockchain teknologian oinarrituta. Hala, blokeen katearen bidez (blockchain) merkatuko parte-hartzaile guztiek berresten dituzte transakzioen datuak, zerbitzari zentral baten beharrik izan gabe. Deszentralizatutako ordenagailuen sarea da, hortaz, bitcoinaren funtzionamenduaren gakoa. Ordenagailu bakoitzak “nodo” bat osatzen du, eta bertan transakzio guztien kopia egiten da, horretarako algoritmo kriptografikoetan oinarritutako zifratze-teknikak erabiltzen dira, sistemaren segurtasuna bermatuz.

Sistema deszentralizatua izateko eragiketak berretsiko dituzten parte-hartzaileak behar dira, beraz, sari baten truke aritzen direnak. Sari hori bitcoinak dira eta, urrearen kasuan bezala, kriptotxanpona eskuratzeko meatzaritza lanetan ibiliko diren parte-hartzaileei meatzariak deritze. bitcoina diseinatzeko erabilitako algoritmoak urtero jaulkiko den bitcoin kopurua zehazten du. Hala, lau urterik behin bere ekoizpena erdira murrizteko diseinatu zen kriptotxanpona, eta guztira 21 milioi bitcoin jaulkitzeko. Behin kopuru honetara helduta, ez dira gehiago sortuko. Gaur egun 900 bitcoin berri ekoizten dira 10 minuturo, baina apirilean kopuru hori erdira murriztuko da. “Halving” deitzen zaio lau urterik behin ematen den murrizketa horri. Egun 19 milioi bitcoin daude zirkulazioan, eta 2140 urterako bere ekoizpena bukatuko da. Urrearen kasuan bezala, hortaz, ondasun mugatua da eta eskari eta eskaintzaren jokoak, besteak beste, bere balioa baldintzatzen du.

2022ko negua

Hegazkortasun handiko aktiboa da, balorazioan gorabehera oso altuak izan dituena. Balio galera handia izan duten denbora tarteei kripto negua esaten zaie. Azken hondamendia 2021 eta 2022 bitartean izan zen. Bitcoinak 2021eko maximoetatik balioaren % 76 galdu zuen 2022an zehar, kriptoaktiboen balore metatua hiru bilioi dolarretik 800.000 milioitara hondoratu zelarik. Inflazioa menderatzeko banku zentralek abiatutako moneta politika zorrotzak, interes tasak igoz, nabarmen eragin zien kriptodibisei. Diru merkearen garaian inbertsioak burutzeko maileguak eskatzea erraza bazen ere, interesen gorakadak arrisku altuko aktiboekiko gosea erabat murriztu zuen, prezioak jaitsaraziz.

Inflazioa menderatzeko banku zentralek abiatutako moneta politika zorrotzak, interes tasak igoz, nabarmen eragin zien kriptodibisei

Moneta politikaz gain, kriptoaktiboekiko konfiantza ezbaian jarri zuten hainbat porrot eta iruzur egon ziren. FTX plataformarena ezaguna egin zen. Bere porrotak milioi bat hartzekodun kobratu gabe utzi zituen, eta kriptodiruaren merkatuarekiko konfiantza hondoratu egin zuen. AEBeko pertsonarik aberatsenen zerrendan sartzera heldu zen Sam Bankman-Fried enpresaren buruari atxilo eman zioten, iruzurra leporatuta. Aste honetan ebazpena izan dugu: 25 urterako espetxe zigorra.

Ekaitzaren ostean, loraldia?

Garai txarrak atzean utzita, indartsu bukatu zuen 2023a bitcoinak, abenduan % 15 igota eta 2024a 45.000 dolarretik gora hasita. Urte honetan gorako bideari eutsi dio, eta duela hiru aste goia jo zuen, 71.000 dolarreko kotizaziora helduta. Azken aste hauetan bere balioa zertxobait lausotu bada ere, badira oraindik gorako joera mantendu dela aurreikusteko hainbat arrazoi. Esan liteke, hortaz, testuingurua alde duela bitcoinak.

Alde batetik, kriptodiruaren gaineko konfiantza indartzeko hainbat erabaki hartu dituzte merkatuetako begiraleek. Europan, esaterako, MiCA kriptodirua erregulatzeko lehen neurri multzoa onartu zuen Europako Batasunak duela urtebete. Araudia beranduenez 2026ko uztailetik aurrera ezartzekoa bazen ere, estatuek badute lehenago abiatzeko eskumena. Hala, Frantziak bere legedia 2024ko urtarriletik aurrera moldatu zuen, Europako araudiarekin bat egiteko eta Espainiar estatuan 2025eko abenduan sartuko da indarrean. Atlantikoaren beste aldean, AEBn, kriptodiruaren inguruko erabakiak hartu dituzte begiraleek, merkatuarekiko konfiantza indartuz. Balore merkatuak gainbegiratzen dituen SEC erakundeak, 2024 urtarrilean, bitcoinetan inbertitzen duten ETF funts kotizatuak onartu zituen. Orain arte bitcoinen etorkizuneko balioarekin lan egiten zuten funtsak baziren ere, ikuskarien neurriak bitcoinaren eskurako kotizazioan oinarritutako funtsak onartu ditu, zuzenean kriptotxanpona lortu edo eskuratu ezin duten inbertitzaileei bitcoinetan inbertitzeko aukera emanez. Erabaki honen ondoren, litekeena da SECek kriptotxanpon gehiagoren ETF funtsak onartzea, Ethereumena kasu.

Frantziak bere legedia 2024ko urtarriletik aurrera moldatu zuen, Europako araudiarekin bat egiteko eta Espainiar estatuan 2025eko abenduan sartuko da indarrean

Bada kriptodiruaren gaineko konfiantza sendotzen lagundu duen beste erabaki garrantzitsu bat. Horrela azaldu du Eneko Knörr enpresari bizkaitarrak aste honetan Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Blockchain teknologian aditua da Knörr, eta 2019an Onyze enpresa eratu zuen, estatu mailako lehen “kriptojagolea”, inbertitzaileen kripto aktiboak gordetzeko plataforma. Knörren esanetan, mugarri izan dira Larry Fink BlackRock munduko aktiboen kudeaketa enpresarik garrantzitsuenaren buruak aste honetan esandakoak. Bitcoina inbertsio zorroen dibertsifikaziorako tresna erabiltzea gomendatu du Finkek, nolabaiteko “bedeinkapena” emanez.

Knörrek argi du adierazpen horrek kriptodiruaren gaineko mesfidantza murrizten lagunduko duela. Aktibo hauen arriskua, baina, nabarmendu du. Bitcoin eta Ethereum sendoagotzat hartu ditu, eta gainerako kriptoaktiboekin tentuz ibili beharra dagoela gaineratu du,

Halving efektua

2024ko apirilean Bitcoinaren ekoizpenaren murrizketa dator. Lau urterik behin ematen den halvingak meatzariek lortzen duten saria erdira murriztea dakar, 900 beharrean 450 Bitcoin eskuratuz. Eskaintza eta eskariaren legean oinarritzen dira kriptotxanponak eta, eskaintza murriztuta, litekeena da prezioak gora egitea.

Bada kotizazioan eragingo duen bestelako aldagai bat, moneta politika. Inflazioa mendean hartzen hasi dira banku zentralak eta merkatuak moneta politika lausotzea espero du. Erabakiak, baina, ez dira etortzen ari hasiera batean aurreikusten zen abiaduran. Presarik ez izateko deia egin berri du Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko buruak. AEBetan Erreserba Federaleko buruak ildo berean hitz egin badu ere, 2024ean interes tasen hiru jaitsiera egon litezkeela nabarmendu du. Interes tasak merkatzeak hegazkortasun handiko aktiboekiko gosea piztu lezake berriro, epe ertainean bitcoinaren balorazioan gorantz eraginez.

Interes tasak merkatzeak hegazkortasun handiko aktiboekiko gosea piztu lezake berriro, epe ertainean bitcoinaren balorazioan gorantz eraginez

Aldeko haizeak ditu, hortaz, kriptodiruak. Finantza agintarien nolabaiteko “bedeinkapena” lortu dute, eta litekeena da bitcoinetan inbertitzeko produktuak gero eta eskuragarriagoak izaten hastea ohiko finantza erakundeetan. Moneta politika ere alde dute, eta bitcoinaren algoritmoak ekoizpena erdira murriztu du.

Finantza eragiketak deszentralizatzeko helburuarekin diseinatu zuten bitcoina bere sortzaileek, Blockchain teknologian oinarrituta. 15 urte pasa dira txanpona abiatu zenetik eta ezin ukatu finantzen alorra eraldatzen hasi dela. Dagoeneko mundu osoko banku zentral gehienek badute  CBDC edo dibisa digitalak abiatzeko asmoa. 134 estatu baino gehiago ari dira dibisa digitala garatzen, tartean AEB eta Europako Banku Zentrala. Txinak, dagoeneko, hainbat eskualdetan abian jarri du entsegua izan nahi duen ekimena. CBDC dibisek kriptodiruak baino berme eta kontrol gehiago badute ere, zenbait kriptoaktiboen gaineko konfiantza sendotzen lagunduko du.

15 urte pasa dira bitcoina abiatu zenetik eta ezin ukatu finantzen alorra eraldatzen hasi dela. Dagoeneko mundu osoko banku zentral gehienek badute  CBDC edo dibisa digitalak abiatzeko asmoa

Bitcoinak gora egiten jarraituko duela uste du Knörrek, eta horrelako aktiboetan gero eta jende gehiagok inbertitzen duela nabarmendu du. Hala, Espainiar estatuko populazioaren % 5 eta % 15ak kriptodibisetan inbertitzen omen du, hainbat inkestaren arabera. Gazteen artean portzentaia horrek gora egiten du, eta horrek etorkizunean aktibo digital hauen erabilerak gora egitea ekar dezake.

Informazio gehiago
Kriptohondamendia eta gero, zer?
Kriptodiruaren merkatuen oinarriak, ezbaian
MiCA: Europako kripto-industria arautzeko lehen urratsa
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK