Krisia: zaharrak berri?

Aspaldiko ezagunak ditugu Euskal Herrian krisiak. 1980ko hamarkada hasierakoa izan zen nagusietako bat. Testuinguru bakoitza oso bestelakoa izanda ere, badira zenbait antzekotasun egungo egoerarekin

Sestaoko Labe Garaiak. Sestaoko Labe Garaiak.

“Energia ez da sortzen ezta deuseztatzen ere, eraldatu baizik”. Hala azaldu zuen Antoine Lavoisier kimikari frantziarrak, materia aztertzen ari zela, XVIII. mendean. Gaur egun, ordea, erabilera berriak eman dakizkioke baieztapen horri, krisi ekonomikoen inguruan berba egitean, besteak beste.

Ekonomia zientziek xehetasunez aztertu dituzte krisi ekonomikoak, eta ziklo ekonomikoen ondorio gisa definitu dituzte. Zehazki, ziklo ekonomikoak, hitzak adierazi bezala, zikloak dira, ekonomia sistema batean txandaka izaten diren hazkunde eta atzerakada garaienak, hain zuzen. Euren iraupena zenbait aldagairen araberakoa izan daiteke: badira hiru urtekoak (Kitchin zikloak), zazpikoak (Juglar zikloak), baita hamarkada batzuetako iraupena dutenak ere (Kondratiev zikloak).

Azkenaldian, koronabirusaren pandemiak sortutako murrizketek, hornidura katean izandako tentsioek, horrek guztiak ekarritako prezioen gorakadak... mundua hankaz gora jarri dute, tartean, noski, Euskal Herria. Testuinguru horretan, askok izango dituzte buruan 2008ko krisia, baita urte batzuk lehenagokoa, duela mende erdikoa, hain zuzen.

1980ko krisia: frankismoan sortutako pitzadurak

1980ko hamarkadako krisiak Euskal Herria aldatu zuen: gizartea, politika eta ohiturak balditzatu zituen, eta horren isla dira garai horretako musika edota zinema: Montxo Armendarizek zuzendutako 27 ordu pelikula, adibidez, garaian garaiko euskal gazteriari buruzko kronika latza da; RRV edo Euskal Rock Erradikala izeneko mugimendua une sozial leherkor baten azaleratze musikal moduko bat izan zen, gatazka politiko eta ekonomiko sakonei musika eta letra jarri ziena.

Garai hartako egoerak alde nabariak ditu gaur egungoarekin, baina baita antzekotasun esanguratsuak ere. Krisi horrek aurrekari sakonak zituen, Fracoren diktaduraren ondorio. Hasiera batean, nazioarteko merkatuekiko isolamendua pairatu behar izan zuen Espainiak diktaduragatik, baina Gerra Hotzak Amerikako Estatu Batuen aldera mugitu zuen Frankismoa eta irekiera zantzu batzuk igertzen hasi ziren. Hala ere, Espainia autarkia ekonomikoa zen, protekzionismo ekonomikoan oinarriturikoa. Bestela esanda, politika ekonomikoa eta industriala elite teknokratak erabakitzen zuen, benetako beharretatik urrun zegoena. Horrek industriaren zaharkitzea eta lehiakortasunaren galera eragin zuen.

Ekonomia zientziek xehetasunez aztertu dituzte krisi ekonomikoak, eta ziklo ekonomikoen ondorio gisa definitu dituzte

Era berean, krisia nazioarteko testuinguruan ulertu behar da. Bigarren Mundu Gerraren ostean sistema kapitalista politika Keynesiarretan oinarritu zen, eta hazkunde garaia ekarri zien mendebaldeko ekonomiei. Kapitalismoaren Urrezko Aroa deitu izan zaio epe horri, eta bere eragina Euskal Herrian ere somatu zen. 1955. eta 1975. urte bitartean euskal ekonomiaren errenta hazi egin zen, % 5,4ko urteko tasan. Horrek populazioaren hazkudean ere isla izan zuen, % 2,75 urteko tasan, hain zuzen.

Industriaren nagusitasun hura, baina, hauskorra zen: alde batetik, Frankismoaren garapen kapitalistaren eredua beragatik, protekzionismoaren babespean hazi, oligopolioetan antolatu eta, Euskal Herriaren kasuan, monolaborantza industrialean oinarritutako ekonomia zena; bestetik, inflazio menperaezinagatik, geroz eta altuagoa —% 10ekoa 1971ean—; azkenik, petrolioarekiko menpekotasun energetiko oso altuagatik.

Testuingurua, hortaz, gakoa da Hego Euskal Herria 1980. hamarkadan astindu zuen krisi ekonomikoa ulertzeko. Orain bezala, inflazio altua nozitzen zuen testuinguru ekonomikoari, gerra baten ondorioak gehitu zitzaizkion: Yom Kippurren gerra. Egiptok eta Siriak urte batzuk lehenago galdutako lurrak berreskuratu nahian, Israeli eraso egin zioten 1973ko urrian. AEBk Israeli babesa eman eta armaz hornituko zuela iragarri zuen. Petrolio ekoizle nagusiek —arabiar herrialdeek— ez zuten begi onez ikusi erabakia: zigor tresna gisa petrolioaren ekoizpena murriztu zuten, eta Israeli babesa emandako herrialdeei erregaia bahitu zien. Gerrak hiru aste luze iraun zuen, baina petrolio ekoizleen bahimendua bost hilabetez luzatu zen. Horrek petrolioaren berehalako garestitze mugagabea eragin zuen munduan barrena.

Hego Euskal Herriak garestitze hori ez zuen hain modu agerikoan pairatu, gobernu frankistek petrolioa merketzeko neurriak hartu zituztelako aurrekontu publikoen kontura. Espainiako egoera politikoa oso hauskorra zen, eta agintariak petrolioaren garestitzearen ondorioz egoera are gehiago okertzearen beldur ziren.

 Hego Euskal Herriak garestitze hori ez zuen hain modu agerikoan pairatu, gobernu frankistek petrolioa merketzeko neurriak hartu zituztelako

Tamalez, beldurrezko pelikula balitz bezala, petrolioaren krisiak bigarren zatia izan zuen. 1979ko otsailean Irango Iraultza abiatu zuen Ruhollak Khomeini aiatolak. Iran munduko petrolio ekoizle nagusietako bat ze,n eta ordura arte British Petroleumek bere petrolioa ustiatzeko kontratu aunitz bazituen ere, iraultzaren ondorioz guztiak galdu zituen. Hala, petrolio ekoizpena mugatu zen, eta, gainera, Iraken eta Iranen arteko gerrak egoera okertu zuen. Bi herrialde hauen produkzioa murriztu zen, eta petrolioaren prezioak berriro egin zuen gora.

Etsipenaren urteak

Espainia dagoeneko transizio politikoan murgilduta zegoen, eta Euskal Herrian desegonkortasun politikoa eta ekonomikoa nabaria zen. Inflazioak 1977ko urrian goia jo zuen, % 28ra helduz, eta hurrengo urteetan nekez lausotu zen. Izan ere, zazpi urte behar izan ziren % 10etik behera jaisteko. Inflazio altuak eta energiaren garestitzeak gogor astindu zuen euskal industria.

Hego Euskal Herrian nagusi zen industria astunak, metalurgiak batez ere, nazioartean aritzeko lehiakortasuna galdua zuen. Frankismoaren gehiegizko protekzionismoak eta lehiaren produktuei ezarritako zerga-mugek, Espainiako merkatua bermatzen zioten. Hori guztia, ordea, urte gutxitan aldatu zen. Espainia Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zen, eta horretarako oso baldintza gogorrak onartu behar izan zituen hainbat arlotan, hala nola zerga-mugen desagertzea eta industriaren birmoldaketa gogorra.

1975ean industria zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren % 50, esparru horretan aritzen baitziren 355.000 langile. Hamar urtean, lanpostu horien herena galdu zen, eta langabezia % 23,8ra igo zen. Industrian aritutako langile gehienak oinarrizko hezkuntzakoak edota ikasketarik gabekoak ziren, lanpostu berriak topatzeko aukera handirik ez zutenak.

Barne Produktu Gordinak nabarmen egin zuen atzera erosteko ahalmenak, % 9 murriztu baitzen, eta horrek pobrezia areagotu zuen. Krisiak, beraz, tentsioa areagotu besterik ez zuen egin, politikoki gori-gorian zegoen gizarte batean. Langile borroka sutan izanik, garai horretako greba eta lanuzteak ugaritu ziren.

1975ean industria zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako BPGaren % 50 [...]. Hamar urtean, lanpostuen herena galdu zen arlo horretan, eta langabezia % 23,8ra igo zen

Krisiak aztarna sakona utzi zuen euskal gizartean, batez ere altzairu berezien sektorea eta siderurgia integrala nagusi ziren eskualdeetan, esaterako, Aiaraldean eta Gasteizen Araban, Debagoienan eta Goierrin Gipuzkoan eta Nerbioi eta Ibaizabalen ibarretan Bizkaian. Bizkaia izan zen, zalantza barik, krisiak gogorren astindu zuen lurraldea, eta Labe Garaiak eta Euskalduna ontziolen itxierak garai baten ikur bilakatu ziren.

Garai horretako kultura herrikoia, lehenago gertatu bezala, gatazka sozialen isla fidela da. MCD eta La Polla Records bezalako taldeak gazteriaren etsipenaren ikur bilakatu ziren. Espainian Movida Madrileñaren hedonismoa eta askatasun doinuak zabaltzen ziren bitartean, Hego Euskal Herrian rockak amorruak bildu zituen.

Europako funtsak: transiziorako bultzada

Europako Ekonomia Erkidegoan sartzeak ez zizkion soilik sakrifizioak ekarri euskal ekonomiari; alde positiboa ere izan zuen, zehazki, kohesio funtsak. Espainiako estatuak 1986. eta 1990. urte bitartean 1.217,8 milloi euro —garai hartako 202.630 milloi pezeta— inbertitu zituen birmoldaketa eta berrindustrializazio politiketan, egindako inbertsio guztien % 40. Hartzaileak siderurgia alorreko enpresak izan ziren, bizkaitarrak batez ere.

Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, Salbuespenezko Berrabiarazte Planen (PRE) bitartez 189 milloi euro (garaiko 31.485 milloi pezeta) inbertitu zituen 1985tik 1987ra bitartean. Horrez gain, Enpresa Txiki eta Ertainentzako (ETE) hitzarmenak sinatu, eta industrializaio plangintzak diseinatu zituen. Era berean, ardatz izango ziren erakundeak sortu zituen, SPRI eta Parke Teknologikoak, besteak beste.

Bestalde, kohesio funtsen tresna nagusiak FEDER, RESIDER eta RENAVAL izan ziren, eta horren ondorio dira Bilboko metroa, Zamudioko Parke Teknologikoa edota Tolosa-Errenteria gasbidea.

Funts horiei esker euskal ekonomiak erronka berriei ekin zien: kanpo-merkataritzan esportazioak nagusitu ziren, gaur egun ere mantentzen den kanpo-balantza positiboa lortuz; enpresen produktibitatean aurrerapauso nabarmenak eman ziren, eta belaunaldi berrien formakuntzan eragin zen, langileen kualifikazio maila hobetuz. Ekonomiak, hortaz, hazkundeari ekin zion berriz ere langabezia eta pobrezia tasak murriztuz.

Beraz, azken mende erdian Hego Euskal Herria astindu zuten krisiek, egun aski ezagunak ditugun aldagaiak izan zituzten: inflazio tasa altuak, gerra batek areagotutako energia-krisia, eta estanflazio hitza bolo-bolo politiko eta ekomomilarien ahotan.

Eta gaur egun, antzekotasunik ba al dago?

Ukrainako Gerrak halako egoera eragingo al du? Energiaren eskasiaren arazoa mahai gainean dago. Europa energia arrazionamenduaren mehatxura hurbiltzen ari da. Bada antzeko aurrekaria: 1973an mendebaldeko hainbat estatuk energia murrizteko neurriak hartu zituzten. Esaterako, Frantziak argindar murrizketak ezarri zituen eta Espainiak ibilgailuen abiadura mugatu zuen. Hamarkada batzuk beranduago Zapatero presidenteak antzeko neurria hartu zuen petrolioaren prezioaren gorakadari aurre egiteko.

Inflazio altuaren arazoari aurre egiteko (eta beste egoera politiko nahasiari aurre egiteko ere) Espainiako politikariek Moncloako Itunak sinatu zituzten, tartean soldaten igoerak murriztuz. Gaur egun Pedro Sánchez,Espainiako gobernuko presidenteak errenten hitzarmena mahai gainean jarri du.

Azken mende erdian Hego Euskal Herria astindu zuten krisiek, egun aski ezagunak ditugun aldagaiak izan zituzten: inflazio tasa altuak, gerra batek areagotutako energia-krisia...

Euskal Herriak berezkoak izan zituen Europatik zetozen kohesio funtsak industria eraldaketari ekiteko, eta gaur egun Europako Next Generation funtsak jomugan ditugu euskal ekonomiak aurrean dituen transizioei aurre egiteko.

Argi dago duela mende erdiko egoera ez dela oraingoa. Egun, inflazioak kezka sortzen du, baina 1978ko % 28ko datu horretatik oso urrun dago. Testuinguru politikoa zeharo desberdina da, Europar Batasunean errotutako ekonomia baita oraingoa, eta eskuin muturraren mehatxua indarra hartzen ari bada, egoera ezin da urte horietako desegonkortasun politikoarekin alderatu.

Dena den, aldeak alde, antzekotasunak ere badira. Krisi berri honetan hortaz, zaharrak berri?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK