Larunbatetik aurrera martxan egongo da Kultura Bonu Gaztea ekimena. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kultura Departamentuaren bitartez, 40.000 euro bideratuko ditu 16 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako kanpainara.
Programak bi helburu ditu: batetik, gazteen artean kontsumo kulturala sustatzea, eta bestetik, kultura eta merkataritza sektorea babestea. Horretarako, 16 eta 29 urte arteko gazteei deskontuak izateko aukera emango zaie kultura produktuak erostean, bonuen bitartez. 20 euro edo gehiagoko erosketak egitean aplikatuko dira hobariak; euskarazko produktuak erosiz gero, 12 euroko deskontua izango dute, eta beste hizkuntzetako produktuak erosiz gero, 10 eurokoa. Pertsona bakoitzak mota bakoitzeko (euskarazko edo beste hizkuntzetako) bost bonu eskuratu ahal izango ditu, hots, hamar bonu gehienez ere.
Bonuak digitalak izango dira, eta erosketa egiterako unean aplikatuko dira (ezingo dira aurrez eskuratu). Aldundiak jakinarazi duenez, orotara 1.670 bonu daude euskarazko produktuentzat, eta 1.996 beste hizkuntzetako produktuentzat. Era berean, Kultura Bonu Gaztea zein dendetan erabil daitekeen iragarri du Aldundiak.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta