Gipuzkoako Foru Ogasunak sormen eta kultura industriak sustatzeko pizgarri fiskalen lehen balantzea aurkeztu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azaldu du neurri horien lehen urteko datuek erakusten dutela eragina izan dutela sektorean, batez ere ikus-entzunezkoen arloan. Hala ere, ohartarazi du oraindik goiz dela hasierako helburuak betetzen ari diren ala ez zehazteko.
Pizgarri fiskalak 2024ko maiatzean onartu ziren, kultura eta sormen industriak indartzeko asmoz. Agirreren arabera, neurri horien helburua da ikus-entzunezkoen, musikaren eta kulturaren sektorea sendotzea eta epe luzera lehiakortasuna bermatzea. Horrez gain, balio-kate osoa indartu eta Gipuzkoa sormen proiektu eta profesionalentzako aukera berriak eskainiko dituen lurralde bihurtzea ere bilatzen dute.
Lehen datuen arabera, pizgarri fiskalek 23 milioi euroko zenbatekoa izan zuten 2024an, aurreko urtean baino 19 milioi gehiago. Hazkundea bereziki ikus-entzunezko ekoizpenean islatu da: iaz 19 ikus-entzunezko ekoizpen egin ziren, eta horiei gehitu zitzaizkien 39 obra eszeniko eta zuzeneko musika ikuskizun.
Neurriek enpleguan ere eragina izan dutela nabarmendu du Foru Ogasunak. 2023ko 1.416 kontratu zuzenetatik 2024an 3.039 izatera igaro da sektorea, guztira 1.623 lanpostu gehiago sortuta. Gaur egun, Gipuzkoan 668 jarduera ekonomiko daude kultura eta sormen industriaren esparruan, zinematografiaren arloan %6,8ko hazkundea eta arte eszenikoetan %9koa erregistratuta.
Agirrek adierazi duenez, kenkarien bilakaera positiboa bada ere, beharrezkoa da sektoreko eragileekin lankidetza estua mantentzea pizgarrien eragina sakonago aztertzeko. Gogorarazi du neurri horiek 2024-2028 aldian indarrean egoteko Europako baimena dutela, eta beharrezkotzat jo du “unea aprobetxatzera, aukera aparta baita sektorea indartu eta etorkizunera begira garapena sendotu ahal izateko”.