• EKONOMIA
  • Kultura sindikala eta militantzia langile kontzientzien pizgarri

Kultura sindikala eta militantzia langile kontzientzien pizgarri

Prekaritate modu berriei erantzuteko lanketarekin urteak daramatzate LAB eta ELAk, baina erronka nabaria dute oraindik ere, testuinguruaren konplexutasunagatik

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEA egunkariko zuzendaria
2026ko maiatzaren 1a - 05:30

Maiatzak lehena du gaur, Langileen Nazioarteko Eguna. Egungo testuinguruan, aldiz, "etekinak areagotzeaz" harago, kultura sindikala eta militantzia ahultzeko borondatea "agerikoa" da Igor Arroyo LABeko koordinatzailearen ustez. Hiru faktore nagusi aipatzen ditu. "Lan prozesuak atomizatu egin dira, ekoizpen kateak nazioarte mailakoak bilakatu dira eta, gainera, hainbat eremutan uberizazioa gertatu da, hau da, soldatapekoa izanik bere kontura lan egiten duenaren itxura hartzen duten profilak (riderrak, esaterako)". Luis Fernandez ELAko Militantzia arduradunak dioenez, "kapitalismoaren kontrako borroka galtzen ari gara. Prekarietateak geroz eta gehiago hartzen ditu lan eta bizitza harremanak". Agian horregatik kultura sindikala eta militantzia inoiz baino beharrezkoagotzat ikusten dute biek. "Paradoxikoa da, zailtasuna inoiz baino handiagoa delako, baina horregatik hain zuzen beharrezkoa da jendea ilusionatu dadin, uler dezaten hori dela bidea gauzak aldatzeko", esan du ELAkoak.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Kultura sindikala ulertzeko modua oso desberdina izan daiteke herrialdearen, are sindikatuaren arabera. LABentzat, abiapuntua klase kontzientzia da. "Alegia, langileok kolektibo baten parte izatearen kontzientzia, eta kolektibo hori egungo sistema ekonomiko eta sozialean zanpatua dagoenaren kontzientzia", azaldu du. Gainera, "lan eta bizi baldintzak" hobetzeko bokazioa du oinarrian. "Bilatzen dugu gero eta bidegabeagoa eta bideraezinagoa den sistema baten arauak aldatzea. Esplotaziorik gabeko jendartea nahi dugu: herritar guztien bizitza izatea erdigunean, eta ez etekinak". 

Igor Arroyo (LAB): "Sindikatua tresna bat da eta langileak dauden espazio guztietara gerturatu behar da, ez zain egon. Are gehiago ikusita antolaketa sindikalerako eta negoziazio kolektiborako baldintzak zaildu egin direla"

ELAren kasuan, hiru parametro hartzen dituzte aintzat. Lehena, "kolektiboa indibidualaren gainetik jartzea, harremanak modu horretara planteatzeko gai izateko". Bigarrena, taldeak antzematea. "Alegia, argi identifikatzea zein den norbere taldea eta zein arerioa, gizarte justuagoa eraiki asmoz". Eta hirugarrena, "ez dela nahikoa arrazoia izatearekin. Botere harremanak landu egin behar dituzu derrigorrez aberastasunaren banaketa justuagoa izan dadin".

 

Oinarriak oinarri, garai berrietara egokitzen

Zurtoin horiek orain urte ugari ezarri bazituzten ere, kultura sindikala garai eta borroka berrietara egokitzeko beharra agerikoa da. Ez soilik arestian aipatutako arrazoiengatik. Sindikatuetako barne hausnarketengatik ere. LABen kasuan, "jaiotzatik bertatik presente izandako ikuspegi soberanista eta sozialistari" hiru oinarri berri batu zaizkio askotariko ariketak egin ostean. "Lehenik eta behin, ikuspegi feminista, klase subjektu horretan emakumeek izan beharreko protagonismoa bermatzeko. Beste alde batetik, ikuspegi antirrazista, kanpotik heldutako langile migratu eta arrazializatuen interesak eta ikuspegia ere erdigunera ekartzeko. Eta baita ere ikuspegi ekosozialista, ikusita sistema kapitalistaren garapenak munduko ekosistemak eta euskal herrikoak kolokan jartzen dituela".  Era berean, bizitza esparrura ere borroka sindikala eramatea gako izan da eurentzat. Etxebizitzaren sindikalismoa garatzeko proposamenera, kasu. "Esaterako, alokairua igo edo eten nahi badiote norbaiti, aholkularitza eta antolaketa kolektiborako bideak eskaintzen dizkiegu". 

ELAren kasuan, orain hamarkada bat hartutako erabakien ondorioz eraldatu da kultura sindikala. "Beharrezkotzat jo genuen, besteak beste, benetan egoera prekarioena bizi duen jendearengana hurbiltzea borroka sindikala. Prekaritate horretan bizi den jendeak sindikatuok ikusten gaitu bere egoera aldatzeko tresna gisa", plazaratu du Fernándezek. 

Luis Fernández (ELA): "Ez gara militante jaiotzen; bizitzan zehar militante egiten gara"

Arroyok adierazitakoaren arabera, "esparruz esparru eskaintza espezifikoa egituratzeko ariketa" ezinbestekoa da. "Sindikatua tresna bat da eta langileak dauden ezpazio guztietara gerturatu behar da, ez zain egon. Are gehiago ikusita antolaketa sindikalerako eta negoziazio kolektiborako baldintzak zaildu egin direla". Agian faktore horiek guztiek ere eraman dute militante sindikalaren irudia bera aldatzera. "Orain hamarkada batzuko militantea maskulinoa eta enpresa industrialekoa zen. Hori mantendu bada ere, prekaritate egoera bizi duen jende gehiago gehitu da, emakumezkoa, migratutako jendea eta gaztea ere bai. Hori da egungo greben eta manifestazioen aurpegia", adierazi du ELAkoak.

Oraindik bidea luzea bada ere. "Zenbait esparrutan asko dugu egiteke, eta geure burua berrasmatzea egokituko zaigu", kontatu du Fernandezek. Esaterako, etxeko langileen kasuan. "Iristen ari bagara ere, kostatu egiten zaigu, oso erregimen berezia dutelako, erregulazio propiorik gabekoa. Ikusi behar dugu nola eraiki mugimendu kolektiboa, eta autokritikoak izan". Horietako asko pertsona migratzaileak dira gainera, eta horiengana iristea ezinbestekotzat jo du Fernandezek. Beste alderdi bat telelanari eta adimen artifizialari loturikoa da. "Badira egoera oso zailak bizi dituzten pertsonak, lan-zentro askotan edota euren etxeetan, lan egiteko elementu eta tresna berriak behar dituztenak", esan du ELAkoak.  

Praktikatik, kasuz kasu

"Iruditzen zaigu sindikatuak izan behar duela proiektu garbi bat ikuspegi soberanista, sozialista, feminista, antirrazista eta ekosozial horretatik. Baina horrekin batera izan behar duela praktika zehatz bat", adierazi du Arroyok. Alegia, sindikalismoaren baliagarritasuna praktikan erakutsi behar dela. Ekintza sindikal praktiko horren oinarriak dira, LABen ikuspegitik, tokian-tokian daude arazo eta beharrak identifikatzea, horiek langileekin partekatzea eta borroka prozesuen bidez urrats zehatzak lortzen diren aldi berean "kontzientzia orokorra hedatzea". Idazkari orokorrak labur-labur plazaratu bezala: "Aldaketa sozial eta politiko orokorrak bilatzen ditugu. Ez da nahikoa enpresa edo sektore jakin batean lan baldintzak hobetzearekin". 

Zenbaitetan iruditegian zabalduta dago gure barruan daramagula kultura sindikala. "Ez gara militante jaiotzen; bizitzan zehar militante egiten gara", azpimarratu du Fernándezek. Aldi berean, baina, uste du kapitalismoak buruan sartu nahi digula ezinezkoa dela gauzak aldatzea. "Sindikalgintzarekin egunero aldatzen ditugu gauzak, hitzarmenak sinatuta, grebak eginda, akordioak eraikita..."Era berean, sindikatuak duen "sekulako harrobi militantea" nabarmendu du, askotariko lan zentroetan delegatu izateko pausoak ematen dutenak. "Eurak dute, oinarrietatik, gauzak aldatzeko eta taldeak eraikitzeko aukera". Horren ostean, bigarren etapa da proposamen jakinak egitea, ardurak eta konpromisoak jarrita, eta planteatuta zer egin dezakeen pertsona batek bere militantzian. 

Igor Arroyo (LAB): "Aldaketa sozial eta politiko orokorrak bilatzen ditugu. Ez da nahikoa enpresa edo sektore jakin batean lan baldintzak hobetzearekin"

Hala ere, militatzen ari diren pertsonen kasuan formakuntza eta zaintza uztartzearen garrantzia defendatzen du. "Duela hainbat hamarkada pertsona sindikalista idealak 24 orduz asteko 7 egunez militatzeko aukera zuen. Oso maskulinoa zen hori, eta populazioaren %50 alboratzen zuen. Orain hori aldatu egin da, eta forma berria zaindu behar dugu". 

LABentzat, fokua enpresetako ordezkari eta dinamizatzaile lidergo kolektiboetan jartzea gako da gainera. "Lehenak dira ondoen ezagutzen dutenak enpresetako egoera eta ibilbidea, eta kanpo begiradak laguntzen du jarraitu beharreko bidean", adierazi du. Bilatzen dutena da, halaber, "militantzia sindikala inplikatzea sindikatuaren proiektu orokorrean".

Gazteak dira etorkizuneko militanteak?

Gazteak sindikalismora erakartzea erronka al da? Bai ELAkoarentzat, bai LABekoarentzat, gazte profil asko bereiz daitezke. "Gazte kolektiboan sartzen da magisteritza amaitu eta 22 urterekin eskolak ematen ari dena, industrian oso goiz hasten dena, eta Afrika iparraldetik etorri eta Nafarroako landa eremuan lanean ari dena", esan du Arroyok adibide gisa. Horietan guztietan, kontzientzia sindikala oso desberdina izan daitekeela nabarmendu du. "Transmisio familiarragatik, militantzia politikoagatik edo herri edo auzo bateko esperientzia historikoen parte izan direlako, badaude asko jarrera kolektiboa dutenak. Kasu horietan argi dago kultura sindikala egitea errazagoa dela", gehitu du.

Erronka kolektiboki antolatuta ez dauden hiriguneetan dago, besteak beste, "gehiago elikatzen direnak sare sozialetatik. Iruditzen zait erronka dugula sektore horiekin konektatzeko". Zentzu horretan, arestian aipaturiko bizitza esparruko sindikalgintzaz gain —etxebizitza gaiei lotuta adibidez— komunikazio moldeetan ere ariketa espezifikoak egiten dituzte gazteei begira. "Esaterako, elkarlan iraunkorra dugu Ernai gazte erakundearekin eta horrek ahalbidetzen digu elkarlanean gazteei begirako eskaintza baldintza hobeagoetan garatu ahal izatea".

Luis Fernández (ELA): "Indibidualismoaren kontrako borroka geroz eta agerikoagoa da. Gizarte indibidualista eta kapitalista gisa horretako gazteria eraikitzen saiatzen da"

ELAkoaren ustez, argi dagoena da jende gazteak historia ezagutu behar duela. "Indibidualismoaren kontrako borroka geroz eta agerikoagoa da. Gizarte indibidualista eta kapitalista gisa horretako gazteria eraikitzen saiatzen da". Sare sozialetan hori sustatzen ari dela uste du Fernandezek. "Sindikatuok ikusi behar dugu nola erabiltzen ditugun tresna horiek hain zuzen ere kontrakoa lortzeko". ELAko Militantzia arduradunak azpimarratu duenez, dena den, "munduko beste zenbait tokirekin alderatuta Euskal Herrian oso gazteria ideologizatua dugu. Gazteen parte bat antolatu egiten da auzoetan, herrietan. Hori indargune bat da".