Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak EAEko erakundeek bete beharreko 2026-2028 aldirako defizit eta zor helburuak ezarri ditu. Horixe da gaur eginiko bilera telematikoan lorturiko akordioetako bat, 2025-2026 aldirako Ekonomia eta Finantza Planarekin batera. Onarpen horiek ahalbidetuko dute "egonkortasuna eta segurtasuna" bermatzea EAEko administrazioen kontu publikoetan. Telematikoki egindako bileran, batzordeak %13ko muga ezarri du BPGaren gaineko zorrean. Defizitean, berriz,-%0,3ko helburua jarri dio Jauraritzari, eta -%0,1ean aldundiei. Datuok guztiak erakundeek eginiko aurreikuspenen baitan kokatzen dira, eta zorpetze atalasea malgutzeko helburua ere jasotzen du akordioak.
Hitzarmenaren barruan, orotara hamaika puntu aipatzen dira, arestian aipatutakoa barne, aldebiko harremanak egonkortu eta egonkortasun finantzarioa bultzatu asmoz. Kupoaren zenbatekoa ere adostu du Batzordeak. Gauzak hala 1.735.618,83 eurotan kokatu du 2024ko behin betiko kupo likidoa; 2025ekoa, berriz, 1.464.741,00 eurokoa da behin-behinean. Horrekin batera, Ekonomia Itunaren Arbitraje Batzordearen Idazkaritzako txanda-protokoloa eguneratu da, haren funtzionamendua eta jarduna hobetu asmoz.
Edozein kasutan, hitzartutako puntu berrienak zerikusia du osasunarekin. Zehazki, 7 milioi eurotik gorako ezohiko ekarpenak egingo dituzte aldundiek 2025 eta 2026 urte bitartean. Diru hori bideraduko da Osasun Mentalaren Ekintzarako Planera, suizidioaren prebentziora eta osasun sistemaren efizientzia hobetzeko programetara.
Hala ere, zenbait arlotan lan tekniko handiagoa egin beharko dutela iragarri du Batzorde Mistoak, eta bilera bat egitea adostu dute 2026ko irailaren 30a baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren finantzaketa osagarria zehazteko.
Pauso horiek adosteaz gain, metodologia berri baten hasi dira lanean 2027-2031 bosturtekoari dagokion kupoa zehazteko, egun dagoena eguneratzeko beharra dagoela adierazi zuen dagoeneko lehendakariak urtarrilaren 27an eginiko bileran.