• EKONOMIA
  • Kursaalek 319 ekitaldi antolatu eta ia 400.000 bisitari izan zituen iaz

Kursaalek 319 ekitaldi antolatu eta ia 400.000 bisitari izan zituen iaz

5,7 milioi euroko fakturazio bateratua izan dute Kursaalek eta Miramar Jauregiak, 2023an baino %14,2 gehiago

Goia, Mendoza eta Goikoetxea gaurko agerraldian | Argazkia: Kursaal
Goia, Mendoza eta Goikoetxea gaurko agerraldian | Argazkia: Kursaal
2025eko martxoaren 19a
Eg. 2025eko martxoaren 19a

319 ekitaldi egin dira Kursaalen 2024an, eta 397.061 bisitari izan dira guztira bertan. Kongresu eta konbentzioetan, bere historiako bigarren fakturazio handiena lortu du, eta 2023an baino %44 gehiago. Kultura programazioei dagokienez, bigarren urterik onena izan du ikuskizun kopuruan eta %8,7 handitu du fakturazioa.

 

25 urte bete ditu Kursaalek 2024an eta ekitaldiaren balantzea aurkeztu du gaur Iker Goikoetxea Kursaaleko zuzendari kudeatzaileak. Berarekin batera izan dira Eneko Goia Donostiako alkatea eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia. Kursaalek eta Miramar Jauregiak (Kursaal sozietateak kudeatzen du 2020az geroztik) 61,9 milioi euroko inpaktu ekonomikoa sortu dute 2024an, eta 5,7 milioi euroko fakturazioa bateratua erdietsi (2023an baino %14,2 gehiago)

Halaber, bi entitateen EBITDA 1.149.572 milioi eurokoa izan da, 2023an baino %39,6 handiagoa.

 

Kultura izan da Kursaaleko jardueraren ardatz nagusietako bat, izan ere, 319 ikuskizunetatik 157 izan dira esparru horretakoak, 278.383 bisitari erakarriz. Kongresu eta ekitaldi korporatiboei dagokienez, 162 ekitaldi egin dira, 120.000 parte-hartzaile ingururekin.

Miramar Jauregian, aldiz, 218 ekitaldi egin ziren iaz, 21.284 parte-hartzailerekin. Nahiz eta irailean eraikinaren birgaitze lanak hasi, fakturazioa %6 handitzea lortu du, eta, gainera, urtea diruzaintzako superabitarekin itxi du.

Lau milioi euroko inbertsioa

2025erako Kursaal Sozietateak lau milioi euroko inbertsio plana onartu du. Inbertsio horrekin, hainbat hobekuntza egingo dituztela iragarri dute, hala nola, ganbera aretoaren butaken berritzea, barne prozesuen digitalizazioa, Kursaaleko eszenatoki eta argiztapen ekipamenduaren modernizazioa eta Miramar Jauregiaren birgaitze prozesuaren lehen fasea amaitzea.