• EKONOMIA
  • Makinek segurtasun bermeak betetzeko gidaliburua aurkeztu du LABek

Makinek segurtasun bermeak betetzeko gidaliburua aurkeztu du LABek

Sindikatuak salatu du enpresa askok ez dutela prebentzio legea betetzen

Ainhize Muniozguren eta Inko Iriarte | Argazkia: LAB sindikatua
Ainhize Muniozguren eta Inko Iriarte | Argazkia: LAB sindikatua
2025eko azaroaren 18a - 15:36

LABek protokolo berria sortu du, langileen bizitza eta osasuna bermatzeko: arriskutsuak diren enpresetako makinek segurtasun bermeak izatea ahalbidetuko duen gida. Sindikatuak azaldu du lan-istripu asko eta asko makinen harrapatzeen ondorioz izaten direla, zeintzuek ez duten segurtasunerako prebentzio legea betetzen, eta hori ekiditeko sortu du gida.

 

“Oinarri tekniko sendoa duen arren, protokoloa ez da txosten juridiko bat, lan osasun eskubideak bermatzeko gidaliburua baizik”, azaldu du Inko Iriarte LABeko Lan Osasuneko arduradunak. Jakinarazi du protokoloak oinarri duela 11215/1997 Errege Dekretua, zeinak makina zaharrak zein berriak barnebiltzen dituen, baita gutxieneko segurtasun bermeak zein diren zehazten ere. Aldi berean, IAT Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren antzeko ekintza sindikala ere proposatu du LABek.

Gauzak horrela, eman beharreko pausoak definitu ditu sindikatuak, eta kasurik larrienean, “ordezkari sindikalak edo langile batzordeak makina geldiarazi eta zerbitzuz kanpo utziko dutela” gaineratu du.

 

“Egunero dozenaka lan istripu gertatzen dira, eta, zoritxarrez, askok ondorio larriak dituzte: lesio oso larriak edo langileen heriotza eragiterainokoak. […].  Nafarroako Gobernuaren eskariz egindako txostenak argi adierazten du enpresen %80k ez duela betetzen prebentzio legea”, azpimarratu du Anhize Muniozguren Idazkaritza Juridikoko arduradunak.