• EKONOMIA
  • LAB sindikatuak bi koordinatzaile izango ditu, orain arteko idazkari orokorraren ordez

LAB sindikatuak bi koordinatzaile izango ditu, orain arteko idazkari orokorraren ordez

Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo izango dira kargu hori hartuko dutenak, betiere afiliatuek hala bozkatzen badute sindikatuaren X. Biltzar Nagusian

Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo, gaur goizean, Bilbo | Argazkia: LAB
Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo, gaur goizean, Bilbo | Argazkia: LAB
2022eko maiatzaren 3a - 16:28

Bagara bagoaz lelopean, LABek X. Biltzar Nagusia antolatu du ekainaren 16an eta 17an, Baionan eta Miarritzen, 500 afiliatu inguru elkartuko dituena. Egun horretan erabakiko dute afiliatuek Garbiñe Aranburu idazkari orokorrak gaur Bilboko agerraldian iragarritako erabakia: idazkari nagusi baten ordez, bi koordinatzaile izatea, bata Garbiñe Aranburu bera, eta bestea Igor Arroyo, orain arteko idazkari nagusi ondokoa, lidergoa partekatuz.

 

Aranburuk azaldu duenez, proposamen berriak lagundu dezake "lidergo eredu kolegiatuagoa garatzen eta zuzendaritza eredu bizigarriago eta eraginkorragoa posible egiten". Gainera, "eraldaketa feministaren ikur" izan nahi dutela nabarmendu du. Horregatik, gutxienez bi idazkarietako bat beti izango da emakumea. Era berean, "ezkerreko independentismoaren erreferentzia sindikala" izan nahi duela esan du. 

Biltzar Nagusiak duela bost urte hartutako konpromisoak indartzeko balioko duela azpimarratu du Aranburuk, alegia, euskal sindikatu ereduan aldaketak bultzatzeko konpromisoa. Besteak beste, "konrabotere sindikal" lana egitea, euren ustez akordioen sindikalismoak huts egin duelako, edo "Euskal Errepublika sozialista, feminista eta euskaldun"-aren aldeko apustua. Era berean, esku hartze plana jarriko dute martxan parte hartze instituzionalerako EAE eta Nafarroako gune batzuetan.