LAB sindikatuak hiru eguneko greba deitu du Euskal Autonomia Erkidegoko eskola publikoetako jangeletan. Lanuzteak otsailaren 24, 25 eta 26an egingo dituzte, hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatzeko. Era berean, sektoreko langileek azaldu dute ez dutela soldata igoerarik izan eta ratioetan ere ez dela hobekuntzarik egon.
LABek ohar bidez azaldu du “patronalari negoziatzera esertzeko eta enpresek langileei ordaintzeke dauden soldata igoerak ordaintzeko, bai eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari negoziatzera esertzeko” eskatuko diotela, “ratioak, funtzioak zein lanaldiak arautzen dituzten araudiak aldatzeko” asmoz.
Gainerako sindikatuei ere dei egin die mobilizazioekin bat egin dezaten. “Batasun sindikala” berreskuratu nahi du LABek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskola publikoetako jangeletako langileen eskubideak defendatu ahal izateko.