Gaur ekin dio LABek X. Biltzar Nagusiari, Miarritzen, Bagara bagoaz lelopean. Besteak beste, azken bost urteotan eginiko kudeaketaren emaitzak aurkeztu ditu Garbiñe Aranburu sindikatuko idazkari nagusiak, eta bertaratutako 500 afiliatuen % 99,13k babestu du kudeaketa. Aranbururen ustez, horrek irudikatzen du "bere momentuan hartu genituen erabakiak egokiak izan zirela eta hartu genituen erabakien gehiengoa praktikara eraman dela”. Horretarako egindako "entzute ariketak" eta "sindikatu parte hartzaileagoa" sustatzea gako izan dira idazkari nagusiaren ustez. Ikuspegi feminista sindikatuan txertatzeko eta zenbait sektorerekin —etxeko langileenarekin, esaterako— egindako lana ere nabarmendu ditu, baita "bizitza erdigunean" jarri izana ere.
Sindikatuak aurkeztutako zifren arabera, guztira, 46.000 afiliatu ditu egun. Horrek esan nahi du 2017tik 2022ra 5.000 afiliatu gehiago lortu dituztela, alegia, %12,5 hazi dela afiliatu kopurua.
Lortutako emaitzak aurkezteaz gain, datozen bost urteetako kudeaketa estrategia lantzen aritu dira biltzarkideak, ate itxiekin. Guztira 203 zuzenketa aurkeztu dituzte biltzarkideek, eta 102 zuzenean onartu dira. Adostutakoak 105 izan dira; 47, ordea, bertan behera geratu dira, eta 19 ez dituzte onartu. Edozein kasutan, bihar jarraituko dute estrategiaren definizioarekin.
Biharko jardunaldia Baionan izango da, eta estrategiaren lanketa egiteaz gain, zuzendaritza berria aukeratuko dute. Aldaketarik ez bada, idazkari orokor baten ordez, bi koordinatzaile izango ditu LABek hemendik aurrera: Garbiñe Aranburu orain arteko idazkari nagusia eta Igor Arroyo idazkari nagusiaren ondokoa. Bi buruko zuzendaritza proposamena aurkeztu zutenean, Aranburuk adierazi zuen "lidergo eredu kolegiatuagoa garatzen eta zuzendaritza eredu bizigarriago eta eraginkorragoa posible egiten" ahalbidetu dezakeela. Ikusi beharko da biltzarkideek proposamenarekin bat egiten duten. Aldaketarik ezean, hala izango da.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta