
50 urte beteko ditu LAB sindikatuak aurten, eta hori ospatzeko prentsaurrekoa egin dute gaur Bilbon. Ordezkaritza eta afiliazioari dagokienez, inoizko zifrarik altuenetan daudela adierazi dute gaurko agerraldian Izaskun Garcia antolakuntza idazkariak eta Igor Arroyo koordinatzaile nagusiak. Hala, azken hamar urteetan %24,74ko gorakada izan dute afiliatuen zenbatekoan. Zehazki, 49.476 afiliatu ditu egun sindikatuak, eta horietatik %44 emakumezkoak dira
Era berean, 2023a %20ko ordezkaritzarekin amaitu dute EAEn eta %17,95ekoa Nafarroan. Helburua sindikatu eraldatzaile bat izaten jarraitzea dela adierazi dute, eta langileen borroka bultzatzen jarraituko dute, “interes korporatiboen gainetik”. Gainera, 2024an 50.000 afiliatuen langa gainditzea espero du sindikatuak. 50 urteko ospakizunak apirilaren 8an hasiko dira dokumental baten estreinaldiarekin eta maiatzaren 1ean amaituko dira Iruñean.
Azkenik, sindikatuak argitu duenez, egun Hego Euskal Herriko bigarren sindikatua dira, ELAren atzetik (%36,16) eta CCOOren (%19,41) eta UGTren (%14,13) aurretik.