Maiatzaren Lehenaren begirako prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean LABek Donostian. Sindikatuak 26 manifestazio egingo ditu Euskal Herri osoan zehar, eta Baionan eta Maulen intersindikalarekin mobilizatuko da.
Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak eta Maider Jauregi komunikazio arduradunak eman dute mobilizazioen berri. “Munduari begiratzen diogunean, zanpaketa eta gerra ikusten dugu nonahi: Palestina, Venezuela, Kuba, Groenlandia, Libano, Iran… Zein izango da hurrengoa? Trump eta Netanyahu bezalako faxista eta genozidek jopuntuan dituzte munduko herriak eta langileak. Eta euren menpe jarri dira Europako agintari gehienak. Mozorrorik gabe azaltzen zaigu kapitalismoa: sistema bortitza, koloniala, heteropatriarkala da”, adierazi du Arroyok.
LABek Langileok eragin lelopean, bizimodu duina bermatzeko ezinbestekoak dituzten hiru neurri zehatz aldarrikatuko ditu sindikatuak: etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata nahiz pentsio duinak.
Arroyok ohartarazi duenez, finantza-krisiarekin, pandemiarekin edota Ukrainako gerrarekin gertatu bezala, “Ekialde Hurbileko gerraren faktura langileei ordainarazten saiatuko da patronala”, prezioak garestitu eta enpleguari nahiz lan-baldintzei eraso eginda.
Koordinatzaile orokorrak gogor kritikatu du patronala, gutxieneko soldata propioaren afera dela eta. “Mahaian esertzeari uko egiten diote, badakitelako gure proposamena bidezkoa eta bideragarria dela. Grebaren egunean esan genuen bezala, patronalak, ezezko bakoitzarekin, bere burua desprestigiatzen du, eta euskal sindikatuon posizioa indartzen. Hemen, Espainiako Estatuan ez bezala, badago borrokarako prestasuna eta indarra daukan sindikalismoa”, esan du.
Era berean, Greba Orokorra egin ostean, “elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko” Eusko Jaurlaritzak Confebask, UGT eta CCOOekin batera iragarritako asmoa deitoratu dute sindikatu abertzaleko arduradunek. “Confebask gutxieneko soldataz negoziatzera behartu beharrean, bere neurriko eszenifikazio bat antolatu du Pradalesen gobernuak. UGT eta CCOO euren zerbitzura jarri dira, finantzazio handiago baten truke”, gehitu du Arroyok.