• EKONOMIA
  • EAEko enpresek “ikuspegi baikorra” dute hirugarren hiruhilekoko ekonomiari dagokionez

EAEko enpresek “ikuspegi baikorra” dute hirugarren hiruhilekoko ekonomiari dagokionez

Laboral Kutxak 400 enpresei egin dien galdeketa, eta %29,0k esan du fakturazioak hobera egingo duela

%15,3k baieztatu du langile-taldea handitzeko itxaropena duela | Argazkia: iStock
%15,3k baieztatu du langile-taldea handitzeko itxaropena duela | Argazkia: iStock
2025eko ekainaren 4a

Laboral Kutxaren Ikerketa Departamentuak aurreikuspenak argitaratu ditu enpresen konfiantzari buruzko 2025. urteko hirugarren hiruhilekorako. EAEko 400 enpresei maiatzaren 5etik 12ra bitartean egindako ikerketan hainbat alor lantzen dira: ingurune ekonomikoa, fakturazioa, enpresen jarduera, eskabideak, prezioen egoera, errentagarritasuna, inbertsioa, enplegua, baita beste zenbait adierazle ere.

 

Hasteko, enpresen ia erdiek aurreikusten dute ingurune ekonomikoaren egoerak bere horretan jarraituko duela (%47,5), baina asko dira okerrera egingo duela uste dutenak ere (%38,6). Fakturazioari dagokionez %56,4k uste du berdin mantenduko dela, are gehiago, %29,0k dio hobera egingo duela. Fakturazioari dagozkion aurreikuspenak jarduera mailari dagozkionen parekoak dira: %56,4k baieztatu du enpresaren jarduera berdin mantenduko dela, eta %24,8k, aldiz, hobera egingo duela.

Fakturazioari eta jarduerari buruzko aurreikuspenen oinarrian beste zenbait gako daude, prezioak eta eskabide kopurua, esaterako. Inkestatuen arabera, %27,5ak uste du eskariaren bolumena handitu egingo dela, eta soilik %15,1ak uste du txikiagoa izango dela. Prezioengatik galdetzean, inkestari erantzun diotenen %78,2k azaldu du datorren hiruhilekoan bere horretan jarraituko dutela; %15,6k adierazi du prezioak igoko direla, eta, kontrara, %6,2k jaitsi egingo direla. Bestalde, eragiketen errentagarritasunari buruzko aurreikuspenek diote %68,3aren ustetan bere horretan jarraituko dutela, %16,6k uste du errentagarritasuna igoko dela, eta %15,1ak txikiagoa izango dela.

 

Inbertsioen bolumenari dagokionez eta enpleguari dagokionez, gauzak nahiko antzeko mantenduko direla uste du enpresen gehiengoak: hurrenez hurren, %75,2k eta %79,9k. Hala ere, inkestatuen %15,3k baieztatu du langile-taldea handitzeko itxaropena duela, eta %14,9k dio inbertsio bolumenak ere gora egingo duela.

Ingurune ekonomikoari dagokion lehen datua kontuan izan gabe, Laboral Kutxak konfiantza-indizea atera du: 54,6koa da datorren hiruhilekoan, hau da, aurreko hiruhilekoa baino txikiagoa, 58,0koa baitzen. Hala ere, datuok euroguneko (54,2ko datua, apirilean) eta Espainiako Estatuko (52,5eko datua, apirilean) datuak baino altuagoak direla baieztatu du Laboral Kutxak.

Inkestan bestelako gaiak ere jaso dira, besteak beste, esportazioen bilakaera: %27,5ak uste du esportazioek hobera egin dutela, eta %20,3k txarrera egin dutela. Berrikuntzari edo I+Gko ekimenei bideratutako salmenten ehunekoaz galdetzean, inkestatuen %65,3 balio minimoetan kokatzen da: enpresen %42,3k ez du ezer inbertitzen, eta %0-%1 artean inbertitzen dute inkestatuen %23k; soilik enpresen %7,7k inbertitzen du berrikuntzan %10 baino gehiago.

Azkenik, bezeroei kobratzeko epearen bilakaeraz ere galdetu die Laboral Kutxak enpresei, eta erantzunen arabera, %80,4k adierazi du kobratzeko epean ez dela aldaketarik egon azken urte honetan; %7,4ren esanetan, ordea, epea luzatu egin da. Bankuen finantzaketa lortzeko aukerek hobera egin dutela baieztatu du inkestatuen %11,6k, nahiz eta %7,4ren ustetan lehen baino zailagoa den.