• EKONOMIA
  • Inflazioak ezkortasuna zabaldu du EAEko kontsumitzaileen artean

Inflazioak ezkortasuna zabaldu du EAEko kontsumitzaileen artean

Konfiantza-indizea -9 puntutan mantendu da 2026ko hirugarren hiruhilekoan. Prezioen bilakaerari buruzko pertzepzioak okerrera egin du

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko urriaren 15a - 14:42
Eg. 2026ko urriaren 15a - 15:59

Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileen konfiantzari buruzko txostena berritu du Laboral Kutxak, 2026ko hirugarren hiruhilekoari dagokiona. Ikerketa lana abuztuaren 24tik irailaren 4ra bitartean egin zen, EAEko 800 pertsonari eginiko inkesten bidez. Txostenak herritarrek ekonomia orokorrari, etxeko finantzei, lan-merkatuari, aurrezkiari, inflazioari eta erosketa-asmoei buruz dituzten pertzepzioak xehatzen ditu, datu soziolaboral eta makroekonomikoekin erkatuta. 

 

EAEko kontsumitzaileen konfiantza-indizea balio negatiboetan egonkortu da, -9 puntuko mailan mantendu baita, aurreko hiruhilekoaren pare. Urtebete atzera eginda, ordea, konfiantza indizea -4 puntu beheratu da, iazko epe berean -5 puntukoa baitzen. Haatik, datua oso urrun dago 2020an erregistratutako gutxieneko historikotik (-22 puntu). Txostenak emaitza hori zenbait faktoreri egozten die: nazioarteko ezegonkortasun geopolitiko luzeari, muga-zergen politikei eta erosketa-saskiaren garestitzeari, besteak beste. Halaber, Europako familien pertzepzioa are ezkorragoa izan dela azpimarratu du azterlanak, -15 puntukoa izan baita.

Familien konfiantza neurtzeko, ikerlanak lau adierazle neurtzen ditu: ekonomia orokorrari buruzko ikuspegia, etxeko ekonomiari buruzkoa, langabeziaren bilakaerari buruzkoa eta aurrezteko gaitasunari buruzkoa. Lehen bi adierazleak bigarren hiruhilekoan bezalaxe geratu dira, hurrenez hurren -26 puntu eta -11 punturekin. Langabeziaren bilakaerari buruz aurreko hiruhilekoan (-3 puntu) baino ezkorragoak izan dira familiak, -4 punturekin. Azkenik, aurrezteko gaitasuna puntu batean jaitsi bada ere, adierazleak +3 puntutan jarraitu du. 

 

Aurrezteko gaitasuna positiboki baloratu arren, inflazioari eta prezioen bilakaerari buruz galdetzean familiek argi eta garbi ikuspegi ezkorragoa erakutsi dute: urteko lehen hiru hiruhilekoetan -19 puntu, -28 puntu eta -36 puntu eman dizkiote. Pertzepzioa bat dator EAEko inflazioarekin, zeinak %3,7ko igoera izan zen 2026ko uztailean eta %4,5ekoa abuztuan, Europako Banku Zentralaren %2ko helburutik gero eta urrunago. Hala eta guztiz ere, erosteko une egokia den ala ez galdegitean hobekuntza txikia izan da, puntu bateko igoerarekin.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain