• EKONOMIA
  • “Antzeko ingurune ekonomikoa” aurreikusten dute EAEko enpresek datorren hiruhilekorako

“Antzeko ingurune ekonomikoa” aurreikusten dute EAEko enpresek datorren hiruhilekorako

Laboral Kutxak egindako inkestaren arabera, soilik %3,7k uste du plantilla murriztuko duela

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko ekainaren 24a - 11:03

Urteak erdibidea egin du eta Laboral Kutxa hirugarren hiruhilekoari begira jarri da jada. Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait enpresei egin die inkesta, datorren hilabeteetarako zein aurreikuspen dituzten jakin asmoz, eta erakundeak azaldu duenez, emaitzek “aurreko hiruhilekoaren antzeko ingurune ekonomikoa” erakutsi dute. 

 

Zehazki, enpresen %47,5ek uste du ingurune ekonomikoa bere horretan geratuko dela, baina %39,9k, aldiz, okerrera egingo duela iritzi du. Fakturazioari dagokionez, aurreikuspenak ezkorxeagoak dira bigarren hiruhilekokoak baino, konpainien %30,9k soilik uste baitu fakturazioa hobetuko dela, eta %16,3k dio okerrera egingo duela. Kontrara, jarduerari dagokionez enpresak baikorragoak dira pasa den hiruhilekoan baino, %27,5en iritziz hobera egingo baitu. 

Gauzak horrela, konpainiei galdetu zaie eskabideen bolumena handitu, txikitu ala mantendu egingo den, eta egiari zor, %56,2ren aburuz bolumena antzekoa izango da, baita handitu ere enpresen %27,5entzat. Prezioen kasuan, enpresek oso argi dute: %70,8k dio mantendu egingo direla, eta %23,8k handitu; hortaz, soilik %5,4k uste du prezioak txikiagoak izango direla. 

 

Inbertsioari dagokionez zein enpleguari dagokionez, inkesta erantzun duten hamar enpresetatik ia zortzik ez dute aldaketarik espero; aldiz, inbertsioa txikitu egingo dela uste dute %9,4k, eta plantilla murriztea aurreikusten dute %3,7k.

Adierazle guztiak kontuan izanda, Laboral Kutxak enpresen konfiantza-indizea kalkulatzen du, eta urteko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, zenbatekoa zertxobait beheratu da, 55,1ekoa izan baita; hala ere, indizeak eurogunekoa (47,5) eta Espainiako Estatukoa (48,7) gainditzen du.