• EKONOMIA
  • Gazteak finantza mundura erakartzeko programa abiatu du Laboral Kutxak

Gazteak finantza mundura erakartzeko programa abiatu du Laboral Kutxak

LK Open Innovation Challenge egitasmoan 'start-up' batek 20.000 euro jasoko ditu plataforma digital berria sor dezan

'Start-up'ak Demo Pay soluzio bat aurkeztu beharko du | Argazkia: iStock
'Start-up'ak Demo Pay soluzio bat aurkeztu beharko du | Argazkia: iStock
2025eko ekainaren 10a

LK Open Innovation Challenge egitasmoa abiatu du Laboral Kutxak. Programa berrian start-up bat aukeratuko da eta hiru hilabetez, irailetik abendura bitartean, elkarlanean lan egingo du banku kooperatiboarekin. Helburua honakoa izango da: plataforma digitala sortzea, gazteak inbertsio eta finantzen mundura gerturatzeko xedea izango duena.

 

Laboral Kutxak azaldu du gaur egun 18 eta 35 urte bitarteko gazteak ez dutela “konektatzen” finantzen sektorearekin; ondorioz, tresna digital berria sortzea erabaki du, gazteak aurrezkien eta inbertsioen sektorea ezagutzera bultzatzeko.

Proiektua garatzeko start-upari bankuak eskatzen dio, batetik, proposamen egokia ematea azaldutako erronkari aurre egiteko, eta, bestetik, Laboral Kutxarekin egingo den elkarlan prozesuan aktiboki parte hartzea. Horrez gain, gaitasun teknikoak izan beharko ditu, eta Demo Pay soluzio bat ere aurkeztu beharko du.

 

Hala, programa egiteko aukeratutako enpresak parada izango du bankuarekin lankidetzan proiektu erreala gauzatzeko, Laboral Kutxaren aholkularitza jasotzeko eta etorkizunera begira elkarlan gehiago egiteko. Tresna digitala sortzeagatik eta egitasmoan parte hartzeagatik start-upak 20.000 euro jasoko ditu.