
Eszeptizismoa dela eta, Laboral Kutxak baieztatu du 2025eko bigarren hiruhilekoan EAEko familien konfiantza gutxitu egin dela, hiru hilabetero argitaratzen duen Euskal Kontsumitzaileen Konfiantza txostenean hala jaso baitu. Europan ere joera bera ikus daiteke: ezkortasuna areagotu da familien artean, baita mesfidantza ere.
Datu zehatzen arabera, familien konfiantza -6 puntuan kokatu da (lehenengo hiruhilekoan -2 puntuan kokatu zen) EAEn; ondorioz, 2024ko lehen seihilekoarekin alderatuz gero, 2025eko lehen seihilekoan bi puntuan beheratu da familien konfiantza. Laboral Kutxak dio ezkortasun horren arrazoia nazioarteko egungo ziurgabetasun politikoa dela.
-6 puntu horiek kalkulatzeko erabiltzen diren lau osagaietatik (ekonomia orokorra, langabeziaren bilakaera, etxeko ekonomia eta aurrezteko gaitasuna), ordea, soilik bakarra okertu da: etxeko ekonomia. Kontrara, aurrezteko gaitasuna 3 puntu hobetu da.
Hala ere, Europa mailako datuak EAEkoak baino ezkorragoak izan dira bigarren hiruhilekoan. Izan ere, konfiantza maila Europan -15 puntuan kokatu da, azken hiruhilekoetan izan den daturik okerrena.
Ekonomia orokorrari dagokionez, EAEko familien itxaropenak ere okerrera egin du (-21) bigarren hiruhilekoan, lehen hiruhilekoaren aldean (-19) bi puntu jaitsi baita. Izan ere, inkestatuen %49,1ek (+ 6,1 puntu) adierazi du egoera ekonomikoak okerrera egingo duela, eta soilik %12,6k (+0,6 puntu) uste du hobera egingo duela; gainerakoek, %38,3k (-6,7 puntu) ekonomia orokorra berdin mantenduko dela diote.
Familien ekonomiari buruzko bilakaeran ere joera antzekoa izan da: 7,9 puntu igo da familien egoera ekonomikoak okerrera egingo duela uste dutenen zifra, 8,7 puntu txikitu da mantendu egingo dela pentsatzen dutenena, eta nahiko berdin (+0,8 puntu) mantendu da ekonomiak hobera egingo duela aurreikusten dutenena.
Ekonomia orokorreko emaitza ezkorra bada ere, langabeziaren bilakaerari buruzko itxaropena positiboa izan da. Izan ere, langabeziari buruzko datuak nahiko egonkor mantendu dira bigarren hiruhilekoan (+4 puntu), azken aldiko balio positiboei eutsi baitie. Zehazki, EAEko familien ia erdiak uste du langabezia maila antzeko mantenduko dela (%48,1), herenak tasa jaitsiko dela (%31) eta bostetik batek langabezia igoko dela (%20,9).
Erosketa erabakiak
Prezioen bilakaerari buruz galdetzean , inkestatuen gehiengoak adierazi du prezioek berdin hazten jarraituko dutela. Hala ere, azken boladako joerari eutsita, gero eta gehiago dira prezioak azkarrago haziko direla uste dutenak. Horrez gain, EAEko familiek balorazio negatiboa egin dute erosketa handiak egiteko une egokia den ala ez galdetu zaienean: %61,9k balorazio neutroa egin du (-8,7 puntu), %30,7k une txarra dela uste du (+8,1 puntu) eta familien %7,8ren aburuz une egokia da (+1 puntu).
Bestalde, familien %0,9k azaldu du etxebizitza berria erosiko duela datozen hamabi hilabeteetan zehar, eta %4,7k ibilgailu berria ia seguru eskuratuko du. Datu horien arabera, %0,1 igo da etxebizitza erosiko dutenen kopurua, eta, aldiz, %0,2 txikitu da ibilgailua erosiko dutenena.