Laborarien ezinegona agerian

Frantziako Estatuko hainbat tokitan protestak biderkatzen ari direla eta, Nekazaritza ministroak adierazi du gobernuak haserrea entzun duela. Euskal Laborarien Batasunak dio Mercosur akordioak heriotza besterik ez duela ekarriko

Laborariak protestan Ipar Euskal Herrian | Argazkia: Franck Dolosor
Laborariak protestan Ipar Euskal Herrian | Argazkia: Franck Dolosor
VpZtp uM 400x400
Kazetaria
2026eko urtarrilaren 10a - 05:30

Ipar Euskal Herriko nekazari talde batek A63 autobidea blokatzen du Hiriburun (Lapurdi), Baiona ondoan, eta ondorioz, ostiral goizetik, ezin da ibili bi noranzkoetan hiri nagusiaren hegoaldea eta iparraldea artean. Laborari horiek kanpamentu eta lastoarekin egindako hesi erraldoia eraiki dute errepidean bertan. Mobilizazio berri honek kaosa eragiten du jadanik egunero kolapsatua dagoen Lapurdiko hiriburuan eta inguruetan.

 

Konpontzen ez diren arazoak usteltzen dira eta hori da nekazariekin gertatzen ari dena. Duela bi urte eta zenbait aste egin zuten bezala, protestak hasi dituzte berriz Lapurdiko errepide nagusiak blokatuz, aldi honetan A63 autobidea. Hamarnaka gizon eta traktorek parte hartzen dute Ultra izeneko elkarteak sustatu duen mugimendu berri horretan. Diotenez laborari independenteak dira eta ez dute inolako loturarik sindikatuekin. Manifestari horiek Frantziako gobernuak Ipar Euskal Herrian duen ordezkariarekin hitz egin behar lukete asteburu honetan. Dena den, abisua eman dute: neurri konkreturik ez badute lortzen idatziz, autobidea blokatzen segituko dute denbora luzean. “Egun beltzak ditugu benetan eta ez bakarrik neguarengatik. Gabonak arte blokatze honetan egoteko prest gaude”, bota du gizon batek autobidean bertan piztutako suaren ondoan.

20260109 111613
20260109 111613

“Nahiz eta Frantzia ez zegoen alde, Europak Mercosur hitzarmena onartu du eta horrek kalte eginen digu”, deitoratu du Pierre Iturria 63 urteko laborari senpertarrak. Ramuntxo Bereau herri bereko 34 urteko nekazaria da eta bere hitzetan hitzarmen berri hori kaltegarria izanen da kanpoko ekoizpen asko sartuko baita gurera kalitate bermerik izan gabe. “Prezioak apalduko dira eta horrek zuzenean kaltetuko gaitu”, dio Kamieta etxaldeko laborariak.

 

Nicolas Narbey, hegazti hazlea da Samatzen eta bere ustez ere kezka handia dago lehen sektore osoan. “Batzuetan 70 orduko lan asteak egin behar izaten ditugu, noizean behin gauaz ere aritu behar dugu eta hilabete bukaeran zenbait aldiz 500 eurora ere ez da heltzen gure saria!”, zehaztu du 38 urteko nekazariak. “Zaletasun handia daukagu denek eta gure lanbideak asko maite ditugu. Dena den, egiten duguna gero eta zailagoa zaigu. Etengabe gehitzen diren araudiek eta zergek ez dute egoera batere laguntzen”.

Krisi bat bestearen ondotik

Ostiral goizetik Hiriburun bildutako profesionalek begi txarrez ikusten dute dermatosi nodularra gaitzaren kudeaketa. “Txertoa banatu dute jadanik ia etxalde guztietan. Halere, gaitza nonbait agertzen bada abere guztiak hiltzea erokeria hutsa da. 2019an hori egin ziguten eta dirulaguntzen zain lau urtez egon behar izan genuen”, deitoratu du Iturriak. Zenbait lankideekin protesta berrian parte hartzen ari da Frantziako gobernuaren ordezkarien eleen ondotik egiazko ekintzarik ez baitute ikusi beren egoera hobetzeko.

Pierre Iturria (Laboraria): "[Dermatosi nodularra] nonbait agertzen bada abere guztiak hiltzea erokeria hutsa da. 2019an hori egin ziguten eta dirulaguntzen zain lau urtez egon behar izan genuen”

“Behi guztiak hiltzea ez zaigu gustatzen. Eri ez direnak zergatik hil behar dizkigute bortxaz? Hori da gure lehen arazoa. Txertoa denei emateaz ere, iduritzen zaigu bakoitzak erabaki behar lukeela eta ez gaur egungo inposaketa jasan isilik”, gehitu du Ramuntxo Bereauk. “Gure ogibidea odolean daukagu, baina hilabete sari onak ateratzeko zailtasunak ditugu eta eskerrak gure emazteek dirua etxera ekartzen baitute”, dio Nicolas Narbeyk bere aldetik.

Erreakzioa

Frantziako Estatuko hainbat tokitan protestak biderkatzen ari direla eta, Nekazaritza ministroak adierazi du gobernuak haserrea entzun duela. Euskal Laborarien Batasunak dio Mercosur akordioak heriotza besterik ez duela ekarriko. Frantziako poliziak manifestatzen ari ziren zenbait laborariren aurka erabilitako bortizkeria ere salatu du sindikatu euskaltzaleak. ELBk gogoratu du ere Ipar Euskal Herriko 60 bat herri Mercosur hitzarmenaren kontra agertu direla eta ez du baztertu independenteek hasitako mugimenduarekin bat egitea datozen egunetan.