• EKONOMIA
  • Lan absentismoa murrizteko programa aurkeztu du SEAk

Lan absentismoa murrizteko programa aurkeztu du SEAk

Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiaren arabera, "lurraldearen lehiakortasuna oztopatzen duen faktore nagusietako bat" da absentismoa

Argazkia: Arabako Foru Aldundia
Argazkia: Arabako Foru Aldundia
2025eko maiatzaren 22a
Eg. 2025eko maiatzaren 22a

SEA Arabako enpresaburuen elkarteak lan absentismoaren aurkako programa aurkeztu du, Arabako Foru Aldundiaren babesarekin. Gasteizko Jardines de Uleta hotelean egindako jardunaldian aurkeztu dute egitasmoa, zeinetan Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia izan den. Bere hitzetan, "lurraldearen lehiakortasuna oztopatzen duen faktore nagusietako bat", da absentismoa.

 

Gonzalezek gogorarazi du arazo horrek berdin eragiten diela enpresa handi, ertain eta txikiei, produktibitatean, lan-giroan eta enpleguaren jasangarritasunean ondorio zuzenak baitituzte. "Egunero 10.000 arabar falta dira lanean", ohartarazi du. “Absentismoak ez du kausa bakar bat, ezta irtenbide magiko bat ere. Erakundeen, enpresen eta gizarte eragileen arteko begirada zabala eta erantzunkidea behar da”.

Diputatu nagusiak aste honetan bertan argitaratutako Espainiako Bankuaren azken txostena aipatu du, zeinak adierazten duen EAE aldi baterako ezintasun-egoeran dauden pertsonen ehuneko handiena duen autonomia erkidegoa dela.

 

Absentismoa saihesteko hiru ildo nagusi zehaztu dituzte: osasun fisikoa eta emozionala zaintzeko prebentzioa, laguntza eta garapen profesionala eta lan-giro ona izatearen garrantzia.