Randstadek argitaratutako zifren arabera, lan-absentismoak gora egiten jarraitzen du EAEn eta pandemiaren aurreko erregistroen oso gainetik dago. 2008tik 2025eko bigarren hiruhilekora bitarteko datuekin egindako analisi baten arabera, komunitateak hazkunde jarraitua izan du aldi baterako ezintasunagatiko absentzietan eta absentismo orokorrean, eta zenbatekoa bikoiztu egin da duela hamarkada pasatxo herrialde osoan erregistratutako minimoekin alderatuta.
2020ko osasun-krisiaren aurretik, absentismoa, oro har, %7 ingurukoa zen EAEn; %4,9koa aldi baterako ezintasunei dagokienez. Covid-19aren etorrerarekin, tasa hauek izugarri igo ziren, %10,1 eta %6,3, hurrenez hurren. Hasierako kolpearen ondoren berregokitze leuna ikusi bazen ere, zifrak ez ziren lehengo mailara itzuli. Are gehiago, 2023az geroztik, datuek etengabe egin dute gora: 2025ean, %8,6ko tasa finkatu da absentismo orokorrean, eta % 6,8koa aldi baterako ezintasunean, hau da, 2019an baino %30 eta %47 gehiago, hurrenez hurren.
Randstad Researcheko zuzendari Valentín Bot-ek ohartarazi du fenomenoa enkistatu egin dela: “Pandemian zehar lan-absentismoak gora egin zuen, eta osasun-krisia gainditutakoan murriztu beharrean, maila altuetan mantendu da, eta hori arazo larria da enpresentzat”. Joera hori azaltzen duten faktoreen artean, osasun mentalak eragindako bajen igoera, osasun sistemaren saturazioa eta “egoera onenean egon ezean lanera ez joatea normalizatu duen aldaketa kulturala” aipatu ditu.