Lan astea 32 ordura murrizteko mahaia eratu dute

Jaurlaritzak, eta CCOO eta UGT sindikatuek osatutako mahaia da. Gainerako eragileek uko egin diote parte hartzeari

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Pertsonen kudeaketako berrikuntzarako taldeak, besteak beste, asteko lanaldia 32 ordura murrizteko proiektu pilotua probatuko du, neurriaren eragina zenbaterainokoa den aztertzeko. Telelanari lotuta formula ezberdinen ezarpena ere aztertuko du, eta enpleguari lotuta enpresaren erabaki estrategikoetan langileen parte hartzearen aplikazioa ere mahaiaren esku egongo da.

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak azaldu duenez, neurri horiek langileen osasunean, ingurumen-arrastoan, produktibitatean eta enpresek talentua erakartzeko eta atxikitzeko duten gaitasunean duten eragina tasatu nahi da. Saiakuntzaren ondorioak gizarte eragileen eskura jarriko dira, negoziazio kolektiboko prozesuetan balora ditzaten.

Halaber, jakinarazi du mahaiak aste honetan egin duela bere lehen bilera. Jaurlaritzak, eta CCOO eta UGT sindikatuek osatutako taldea da, gainerako gizarte eragileek uko egin baitiote bertan parte hartzeari. Confebaskek aurkako jarrera erakutsi zuen Idoia Mendia sailburuak lan astea murrizteko asmoa adierazi zuenean.

Proiektuaren diseinuak Future Policy Lab nazioarteko esperientzia duen jakintzari eta berrikuntzari buruzko diziplina anitzeko foroaren laguntza akademikoa du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK