
ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Bilbon, euskal erakundeei eta alderdiei eskatzeko "autogobernua defenda dezatela", euskal langile publikoen enplegua eta lan-baldintzak EAEn negoziatuko direla bermatzeko.
Bost sindikatuetako ordezkariek Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzen aurrean egin dituzte mobilizazioak, Zerbitzu publikoak indartzeko, soldata eta enplegua hemen adostu! lelopean, sektore publikoko 150.000 langileek enplegua, soldata eta lan-baldintzak hemen erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko.
Igor Izagirrek, ELAko ordezkariak, EAEko toki, foru eta autonomia erakundeei "behingoz autogobernua defenda dezatela" eskatu die eta euren eskumenak erabil ditzatela "hemen zerbitzu publikoak indartzeko", eta "euskal sektore publikoko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea bermatzeko". Halaber, sindikatuek euskal alderdi politikoei dei egin die "behingoz Madrilek duen beto-eskubidea hauts dezaten", Espainiako Gorte Nagusietan dituzten botoak erabiliz.