“Lan duina” sustatzen dutenen jarduna aitortzeko Juan de los Toyos Saria sortu du Jaurlaritzak

"Memoria historikoa eta enpleguaren arloko duintasuna batu" nahi dituztela adierazi du Perez Barredo sailburuordeak

Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburua | Argazkia: Eusko Legebiltzarra Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburua | Argazkia: Eusko Legebiltzarra

Juan de los Toyos 1937an Jose Antonio Agirre Lehendakaria buru zuen gobernuko lehen Lan sailburua izan zen. Haren omenez eta edozein lan, lanbide edo ofizio motatan ereduzko jokabidea izan duten pertsonak, kolektiboak edo erakundeen jarduna aitortzeko saria sortu du Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailak.

UGTko idakaria Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzako Lan, Aurreikuspen eta Komunikazio sailburu izendatu zuten de los Toyos. Espainiako Gerra Zibila bukatu eta Mexikora ihes egin zuen. Bertan hil zen 1965ean.

"Sari honetan memoria historikoa eta enpleguaren arloko duintasuna batu nahi ditugu, uste demokratiko sendoak dituen gizarte baten funtsezko bi elementu gisa, eta langileen eskubideekiko eta gizarte-kohesioarekiko berariazko konpromiso gisa”, adierazi du Elena Perez Barredo sailburuordeak.

Jaurlaritzak argitu duenez, saria eskuratu ahal izango dute beren jarduera eta ibilbidearen bidez, “lanaren kultura, duintasuna, berdintasuna eta lanaren kalitatea sustatzen nabarmen laguntzen edo lagundu duten pertsona fisiko edo juridikoek, publiko zein pribatuek”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK