Lan egiteko tokiak? Bizitzeko tokiak

Hiri-markak geroz eta garrantzia handiagoa hartu du azken urteotan, turismoaz harago, talentua erakartzeko. Testuinguru horretan, The Economist Groupeko ikerketa-sail batek urtero-urtero hirien sailkapen bat egiten du

Viena hiru aldiz jarraian izan da hiririk baloratuena, kultura, aisialdi eta azpiegituren adierazleetan | Argazkia: iStock Viena hiru aldiz jarraian izan da hiririk baloratuena, kultura, aisialdi eta azpiegituren adierazleetan | Argazkia: iStock

Hamar urte eta gero, Amaia etxera itzuliko da irailean. Teknologia-etxe handienetan lan egiteko aukera izan du, eta bere ametsa bete egin duela esanez iragarri zigun itzulera. “Egin beharrekoa eginda, etxean bezalakorik ez dago”, idatzi zuen lagunen taldean. 22 urterekin, ikasketak amaituta, nazioartean lan-karrera egiteko aukera eskaini ziotenean, ez zuen bi aldiz pentsatu. 32 urterekin, etxera itzultzeko aukera suertatu denean, itsu-itsuan baietz esan eta maletak prestatzen hasi da. Seme-alabez hitz egiten hasi da Karen bere bikotearekin, eta horretarako —“badakizue nolakoak garen euskaldunak”— familiak inguratuta egotea bezalakorik ez. Etxeko kea, auzoko sua baino hobea.

Zeharo subjektiboa da era honetako erabaki bat hartzerakoan kontuan hartzen dena, baina batzuetan, erabaki hori objektiboki hartzeko eta laguntzeko neurriak behar dira. Nazioarteratze-estrategiekin batera, langileen mugikortasunaren ezaugarriak ezarri behar dira, gutxien baloratutakoetara lekualdatzeko orduan konpentsatzeko edota leku bizigarrienetarako pizgarriak eskaintzeko.

The Economist Group etxeko Intelligence Unit ikerketa-sailak urtero berritzen du munduko hainbat hirietako mapa, eta aurtengoan 172 hiri aztertu dituzte. Turismorako oso baliagarria da bertan egiten den azterketa, baina bere helburua ez da turistikoa: eta aitzitik, enpresei laguntzeko ezarri zen, dirulaguntzak esleitzen laguntzeko, atzerriratutako langileak birkokatzeko orduan hobari-sistema ezarri ahal izateko.

Sailkapena 30 faktore baino gehiagotan oinarrituta egiten da, hainbat kategoriatan sailkatuta: bizi-baldintzen egonkortasuna, osasun-arreta, kultura eta ingurumena, hezkuntza eta, azkenik, azpiegiturak. Azken urteko txostena osatzeko orduan, osasun-arretaren inguruan adierazle gehiago txertatu dira, pandemiaren ingurumarian hiriek nolako erantzuna eskaini duten baloratu ahal izateko.

Zeharo subjektiboa da toki batean edo bestean bizitzeko erabakia hartzerakoan kontuan hartzen dena, baina batzuetan, erabaki hori objektiboki hartzeko eta laguntzeko neurriak behar dira

Lotura emozionalak alde batera utziko balituzte, Viena zatekeen Amaia eta Karenen aukera. Hiru aldiz jarraian izan da hiririk baloratuena, kultura, aisialdi eta azpiegituren adierazleetan puntaren puntan. Joan den urtekoan Paris eta Londresek gora egin dute sailkapenean, hiri handiek sortzen dituzten arazoak nolabait konpentsatzeko balio izan baitute bi hiriek pandemia modu endemikoz tratatzen lehenetarikoak izanak. Txinan okerrera egin dute neurtutako hiri guztietako adierazleek. Kiev hiriko azterketarik ez da aurten egin, ikerketa-egileak alde egin behar izan duelako hiritik. Gerrak, baina, ondorio nabarmenak izan ditu Errusiako hirien “erakargarritasuna” aztertzen bada: Mosku eta San Petersburgok lehen hogeien artean sailkatzetik 80. postutik behera egin dute aurten.

Zerk egiten du erakargarri hiri bat?

Turismorako irizpideak aski argi izaten ditugu eskuarki, udako oporraldia non egin erabaki behar dugunean. Aisialdiaz gozatzeko baldintzak, nork bere apeta eta aukeren artean, ezartzen ditugu, baina oso bestelakoa da erabakia aldi baterako edo denbora-mugarik gabe norabait lekualdatzeaz ari garenean. Ekonomiaren partida nazioarteko eszenatokian jokatzen denez geroztik, gero eta gehiago dira beren bizitza profesionalean zehar denboraldi bat atzerrian egingo duten langileak. Gazte-garaiko esperientzia izaten da maiz, baina badira —gero eta gehiago— epe-mugarik gabe, edo atzera bueltarik gabeko bidaia-txartela eskuan hartuta joaten direnak.

City Branding delakoak hiri baten ezaugarriak aurkitu (edo sortu), zabaldu eta kudeatzeko prozesua da, eta 1990eko hamarkadaren amaieraz geroztik tokiko erakundeen funtzionen artean kokatu da. Azken hamarkada hauetako ingurune lehiakorrean, hiri-markaren balioaz jabetu gara, talentuarekiko lehia handiagoak mundu mailako hirien arteko konpetizioa areagotu duelako, garapen ekonomikoa oinarri hartuta. Globalizazioak aldaketa ekarri du enplegu-joeretan, eta enpleguaren aldeko lehiak gora egiten jarraitzen du, hautagai egokien eskasiagatik eta langileen txandakatze handiagatik. Hiriaren markak eta enplegatzailearen markak antzeko asmoak dituzte: talentua erakartzea.

Euskal Herriko hiriburuen hiri-estrategiak aztertuta, oro bat esan daiteke gurean kalitatearen aldeko apustua egiten dugula talentua erakartzeko orduan

Euskal Herriko hiriburuen hiri-estrategiak aztertuta, oro bat esan daiteke gurean kalitatearen aldeko apustua egiten dugula talentua erakartzeko orduan. Berezitasunak berezitasun, bizitza-kalitatea altuko ingurunea da gurea. Gasteizek bere karta berdea jokatzen du, ingurune naturala eta jasangarritasun anbientalaren bitartez. Bilbok polo ekonomiko sendoaren irudia baliatzen du eta eraldaketa urbanistikoak berekin batera ekarri duen hiri-antolaketa modernoarena jokatzen du, garraio-azpiegituren abantailaz landa. Donostiak ederraren irudiari beste buelta bat eman dio, eta goi-mailako berrikuntza-polo gisa kokatu nahi du bere burua, garapen ekonomikoa bultzatzeko. Iruñeak eta Baionak, bakoitzak bere merkatu potentzialaren neurrira, mugakoak izatearen abantailei etekina atera nahi diete, eta estrategia horretan sakondu dute, adibidez, COVID-19ak milaka langile hiri-gune populatuenetatik mugiarazi dituen garai honetan. Higiezinen merkatuan sortu diren tentsioak dira horren lekuko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK