Lan erreformaren gora beherak

Behin behinekotasunarekin amaitzeko asmoz, Espainiako Gobernuak 2021ean onartu zuen lan erreforma. Legeak lan merkatuan izan duen inpaktuaren inguruko adostasunik ez dago. Dena den, kontratu mugagabeak igo eta behin behineko kontratuak murriztu dira azken urteotan

Enplegatuen behin behinekotasuna %20ra jaitsi zen 2022an | Argazkia: iStock Enplegatuen behin behinekotasuna %20ra jaitsi zen 2022an | Argazkia: iStock

2021ko abenduaren 28an Espainiako Gobernuaren lan erreforma onartu zen. Honen helburu nagusiena behin behinekotasunarekin bukatzea zen, aurreko lan erreformen ohiko helburua. Estatu mailako bi sindikatu nagusienek errege dekretu honi euren babesa eskaini zioten, Euskal Herriko sindikatu nagusiak, aldiz, kritiko agertu ziren. Patronalak, euren aldetik, eraldaketaren alde agertu ziren.

Bi urte baino gehiago igaro dira eta, agente sozialen artean, oraindik ez dago lege honek lan merkatuan izan duen talkari buruzko adostasunik. Nabarmentzekoa da horrelako neurrien ondorioak neurtzea ez dela erraza. Batetik, datu estatistikoak direla eta: ez dago Euskal Herriko datu bateraturik. Bestetik, lan merkatua ibai bat bezalakoa delako, ez gara inoiz ur berean bainatuko. Demagun urte zehatz bat aukeratzen dugula. Kontratazio eta kaleratzeek ez dute joera konstante bat jarraituko, sektore bakoitzak beren zikloak baititu. Hezkuntzan, udan kontratazioak etengo dira eta irailetik aurrera handitu; merkataritzan, beherapenek eta kanpainek eragina izango dute; ostalaritzan, nazioarteko ekitaldien eragina handituz doa. Horrela azaldu daitezke ekainean eta irailean ematen diren kontratazio goraldiak. Baina sektore eta azpisektoreen dinamikez gain, testuinguru ekonomikoa daukagu. Gure lurraldekoa, bai, baina baita Europakoa eta nazioartekoa. Horrek lan merkatuaren eboluzioa azaltzea zailtzen du. 2020-2023 zikloa aztertzerakoan, pandemia eta ondorengo egoerek ere eragin nabarmena izan dute.

Bi urte baino gehiago igaro dira eta, agente sozialen artean, oraindik ez dago lege honek lan merkatuan izan duen talkari buruzko adostasunik

Orduan, demagun 2021ko Lan Erreformaren ondorioak aztertu nahi ditugula, honen aldekoek, baita kritikoek ere, azpimarratu baitute euren analisiak zuzenak zirela. Nola izan daiteke, datuak guztientzako berdinak izanda? Hori da lehen aipatutako paradoxa: lan merkatua aztertzea konplexua da, batez ere barne eta kanpo faktore ugari daudelako.

Datuak birpasa ditzagun, 2008ko datuak erreferentzia hartuz. 2022 urtean, Hego Euskal Herrian lehenengo aldiz 2008 urteko langile aktiboen kopurua gainditu zen. Kontratu mugagabeen kasuan, ez zen 2008ko maila 2017 arte berreskuratu; 2022an, aldiz nabarmenki hazi zen. Behin behineko kontratuak murriztuz joan dira, urte tarte osoan %20 txikiagoa izaten. Enplegatu guztien behin behinekotasuna aztertuz, 2008-2021 urteen artean %30ean mugitu da, nabarmenki jaitsiz 2022an, %20ra. Lan erreformaren ondorio nabarmen moduan azaldu ohi da datu hau, behin behinekotasunaren murrizketa lortu dela azpimarratuz.

2022 urtean, Hego Euskal Herrian lehenengo aldiz 2008 urteko langile aktiboen kopurua gainditu zen. Kontratu mugagabeen kasuan, ez zen 2008ko maila 2017 arte berreskuratu

Hala ere, datuen analisi honek beste errealitateak ezkutatzen ditu. Gauza bat da lanean daudenen egoera, baina lan merkatua bere osotasunean ulertu nahi badugu, fluxuak aztertu beharko ditugu: zer gertatu da sinatzen diren kontratuekin? 2022-2023ko datuei so eginez, obra eta zerbitzuengatiko kontratazioa desagertu da. Horren ordez, kontratazio mugagabea hazi da, 2022ko urrian sinatutako kontratu osoen %26 izan arte. Hala ere, 2022ko azarotik aurrera beheranzko joeran jarraitu du, sinatutakoen %18 izaten (2023ko abendua). 2022-2023 urteetan, behin-behineko kontratuak eta bitarteko kontratuak sinatutakoen %70 dira. Begi bistakoa da obra eta zerbitzuagatiko kontratuaren desagerpenak eragin positiboa izan duela kontratazio mugagabean. Sarritan sindikatuek salatu dute iruzur handia zegolea obra eta zerbitzuengatiko kontratazioan, eta enpresek arazorik gabe mugagabean bihurtu dituzte. Azpimarratzekoa da ere, 2022ko mugagabeko kontratazio hazkundearen ostean, apaldu egin da eta beren efektua gainditua izan da, behin behinekotasuna berdin mantenduz. Apaltze horretan ere sinatutako lan kontratuen murrizketa ezin dugu ahaztu, 100.000 kontratu gutxiago sinatu baitziren 2023an.

Orduan, 2021ko Lan Erreformak bere helburuak bete ditu? Lan erreformaren kritikoek arrazoia zeukaten? Datuak hor daude, eta datuen eskuragarritasuna dela eta, ondorio garbi bakarrak dira kontratazio mugagabea handitu dela, bai, baina sinatutako 10 kontratuetatik, 7 behin behinekoak direla. Lan merkatua aztertzerako orduan, erabateko ondorio garbiak emateko, hasieran aipatu denez, aztertzeko elementu anitz dago oraindik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK