EAEko Lan Ikuskaritzak 3.063 enpresari jakinarazpenak bidali dizkie egun hauetako bero boladek eta tenperatura altuek langileen osasunean eta segurtasunean sor ditzaketen arriskuez ohartarazteko. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren 2026ko Udako Planaren baitan egin da ekimena, muturreko tenperaturen ondoriozko gaixotasunak eta lan istripuak saihesteko helburuarekin.
Beroaren eraginpean luzaroan egoteak arrisku berezia dakartza, batik bat aire zabalean edo tenperatura handiko inguruneetan lan egiten dutenentzat. Egoera horiek estres termikoa eragin dezakete, eta ondorioak deshidrataziotik eta bero kolpeetatik hasi eta kasurik larrienetan heriotzaraino irits daitezke. Arrisku horien kopurua igo izana klima aldaketaren ondorioekin lotuta dago, bero boladak gero eta maizago gertatzen baitira.
Aurtengo kanpainaren bidez, Arabako 551 enpresak, Bizkaiko 1.576k eta Gipuzkoako 936k jasoko dituzte abisuak. Horietan gogorarazten da enpresek langileen segurtasuna eta osasuna bermatu behar dituztela, eta muturreko baldintza termikoek eragindako arriskuak ebaluatu eta prebentzio neurriak planifikatu behar dituztela. Besteak beste, ordutegiak egokitzea, atsedenaldiak indartzea, edateko ura bermatzea, itzal edo gune freskoak prestatzea eta pertsona kalteberen jarraipen berezia egitea proposatzen da.
Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak adierazi du prebentzioa “betebehar etiko, sozial eta legal bat” dela. “Inork ez luke bizia galdu behar bizimodua aurrera ateratzeagatik” azpimarratu du. Gainera, jakinarazpenetan ohartarazten da babes neurriak ez betetzea arau hauste larri edo oso larritzat jo daitekeela; horrek 2.451 eurotik 983.736 eurorainoko zehapen ekonomikoak ekar ditzake, arau haustearen larritasunaren arabera.