Lan Ikuskaritzak 1.766 kontratu irregular berrikusteko eskatu die 340 enpresari

Aldi baterako laneko enpresen kontratazioa behin eta berriz erabiltzea lege iruzurra dela ohartarazi du

Argazkia: Europa Press Argazkia: Europa Press

Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzak gutunak bidaliko dizkie 340 enpresari, egoera irregularrean egon daitezkeen 1.766 kontratuen egoera berrikus dezaten. Aldi baterako laneko enpresen bidezko kontratazioa egiturazko beharrak betetzeko behin eta berriz erabiltzeari buruzko gutunak dira, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak jakitera eman duenez.

Azken urteotan ohikoa den bezala, Espainiako Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzarekin lankidetzan egiten da jarduera, iruzurraren aurka borrokatzeko tresna batera garatuz eta erabiliz. Sistema informatiko bat da, eta lan arloko arau haustetzat jo daitezkeen egoera irregularrak detektatzen ditu. Gainera, aukera ematen du datuak gurutzatu eta kontratazioan irregulartasunak edo arau urratzeak gerta daitezkeen egoerak detektatzeko.

Aste honetan bidaliko diren gutunetan azaltzen denez, aldi baterako lan enpresen bitartez egiturazko premiak betetzeko kontratazioa behin eta berriz erabiltzea lege iruzurra da, kontratazio hori aldi baterako kontratuekin, aldizkako kontratu finkoekin edo ohiko kontratu finkoekin formalizatzen den alde batera utzita.

Hala, 340 kasutan antzeman dute izaera iraunkorreko zenbait lanpostu egokiak ez diren kontratuekin betetzen ari direla. Jokabide hori egun langileak altan dituzten EAEko enpresen %0,03an baino ez da nabari. 340 eskutitzetatik 110 Arabako enpresei bidaliko zaizkie (703 kontratu), 88 Gipuzkoakoei (471 kontratu) eta 142 Bizkaikoei (592 kontratu). Guztira, 1.766 langileri eragin liezaieke kontratuok.

Era berean, egoera horren eraginpean dauden 12 aldi baterako lan enpresek ere jakinarazpena jasoko dute, horren berri izan dezaten. Gogorarazi egingo zaie behin jakinarazpena jasota hilabeteko epea dutela kontratu arrunt propio bihurtzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK