Aurten ere langile andana hil da lan istripuen ondorioz. Urteko azken eguna den honetan, LAB eta ELA sindikatuek datuak eskaintzen dituzte 2025eko zifrak ikustarazteko. Batak zein besteak 50 pertsona baino gehiagoren heriotzaren berri eman dute. Zehazki, ELAren datuen arabera Hego Euskal Herrian 57 langile hil dira 2025ean lan-istripuetan, horietatik 35 Nafarroan. LABek, berriz, kopuru handiagoa ematen du: 74 hildako, atzerrian lanean ari zirela zendutako euskal langileak ere zenbatuta; iazko datuekin alderatuta, hamar heriotza gehiago dira.
Abenduko azken egunetan gertatu dira azken bi heriotzak. Abenduaren 29an, garraiolari autonomo bat hil zen Laudioko (Araba) merkataritza-gune batean, heriotza ez-traumatiko baten ondorioz. Egun berean, beste langile bat hil zen Azagran (Nafarroa), etxebizitza batera zihoala. Azken kasu hori izan da CCOOk bereziki salatu duena. ELAk sektoreka egiten duen banaketaren arabera, hildakoen gehiengoak garraiolariak izan dira, 17 pertsona hain zuzen ere; industriaren eta zerbitzuen sektorean hamaika heriotza izan dira, batean zein bestean.
CCOOren arabera, etxez etxeko arreta zerbitzuetan ari diren langileek prekaritate handia pairatzen dute. Sindikatu horrek ohartarazi du kolektibo horrek presio handiak jasaten dituela, eta lanera joan-etorrietan duten arriskua azpimarratu du. Testuinguru horretan, arrisku-osagarri baten ordainketa eskatu du, baita Nafarroako Gobernuak finantzaketa-gehigarriak bermatzea ere, Nafarroa lan-istripuen tasarik altuena duten lurraldeen artean dagoela gogorarazita.
LABek eta ELAk ere premiazko neurriak eskatu dituzte. LABen esanetan, lan-istripuak (izan traumatikoak, ez-traumatikoak edo in itinere motakoak) ez dira kasualitate hutsa, baizik eta lan-prekarizazioaren, azpikontratazioaren eta egungo lan-harremanen ondorio zuzena. Bi sindikatuek lan-ikuskaritzaren baliabide eskasia ere salatu dute: Euskal Autonomia Erkidegoan 54 ikuskatzaile baino ez daude, eta Nafarroan 13, Europako batez bestekotik urrun. Horregatik, ikuskatzaile kopurua handitzea erabaki politikoa dela azpimarratu dute, eta langileen bizitza eta osasuna lan-politiken ardatz jarriko dituzten neurriak eskatu dituzte.