
INE estatistika erakundeak, 2025eko lehen hiruhileko datuak kontuan izanda, langileko lan-kostuen zenbatekoak argitaratu ditu. EAEn, batez besteko gastu totala langileko eta hilabeteko 3.538 eurokoa izan da, eta Nafarroan, aldiz, 3.266 eurokoa.
Sektoreka, industriaren alorreko langileen lan-kostuak dira altuenak: 4.347 EAEkoen kasuan, eta 3.842,96 Nafarroakoen kasuan. Eraikuntzan gastu totala enplegatuko 3.667 eurokoa izan da EAEn, eta 3.526 eurokoa Nafarroan; zerbitzuen sektorean, zifrak zertxobait baxuagoak dira: EAEn 3.312 euro eta Nafarroan 2.996 euro.
Soilik soldata-kostuak kontuan izanez gero, zifrak honako hauek dira: EAEn langileko eta hilabeteko gastua 2.543 eurokoa izan da, eta Nafarroan, ordea, 2.347 eurokoa. Sektoreka, industria alorrekoen kasuan 3.145 euroko gastua izan da EAEn eta 2.734 eurokoa Nafarroan; eraikuntzan, hurrenez hurren gastua 2.524 eta 2.392 eurokoa izan da; azkenik, zerbitzuen sektorean langileko 2.383 inbertitu dira batez beste, eta Nafarroan 2.174 euro.
Langile bakoitzak enpresarekin batez beste 148,7 orduko (Nafarroa) eta 147,3 orduko (EAE) akordioa izan du lehen hiruhilekoan, baina, INEren arabera, langile bakoitzak 19,1 ordu (Nafarroa) eta 20,6 ordu (EAE) huts egin ditu. Aldi berean, 0,7 ordu (Nafarroa) eta 0,5 ordu (EAE) gehigarri egin ditu langile bakoitzak.