Lana non bilatu jakitearen garrantzia

Merkalan Lanbideren enplegu eta prestakuntza azokak online bidezko azoka birtuala eskainiko du maiatzaren 31tik ekainaren 2ra, lan bila dabiltzanak eta enpresak elkarrekin harremanetan jarri ahal izateko

Merkalanen IV. edizioaren kartela | Argazkia: Merkalan Merkalanen IV. edizioaren kartela | Argazkia: Merkalan

Lanbidek Merkalanen laugarren edizioa antolatu du maiatzaren 31tik ekainaren 2ra, lan egiteko enpresak bilatzen dituztenen eta enpresetarako langileak bilatzen dituztenen arteko topagune izateko asmoz. Aurreko azken hiruretan bezalaxe, azoka birtuala izango da, Merkalanen web atarian dagoen plataformaren bidez egingo dena, eta enplegua ez ezik, prestakuntzari loturiko eskaintza bilduko du. Gaur egun 170 enpresa baino gehiago daude Merkalanen inskribatuta, 220 lan eskaintza eta 1.100 lanpostu baino gehiagorekin, eskaintza bera hainbat lanpostu betetzen saia baitaiteke. Hala ere, oraindik ere enpresa gehiagok izena ematea aurreikusi da, baita lan eskaintza gehiago erregistratzea ere.

Online egitearen helburua enplegu eskatzaileen eta enpresen arteko topaketa sustatzea eta erraztea da, azoka birtual batek proiekzio handiagoa eskaintzen duelako. Izan ere, herri jakin bateko espazio fisiko batera eta ordutegi batera mugatzen den aurrez aurreko ekitaldi baten kasuan baino jende gehiagorentzat dago irekita. Halaber, erosoagoa eta arinagoa ere bada, eta enpresa erakusketariei gastu gutxiago eragiten dizkie, aldi berean etekin gehiago lortuz. Azoka birtualak hautagaiei edukia, eta enplegu- eta prestakuntza-eskaintzak eskuratzeko aukera ematen die, lekuz aldatu beharrik gabe, eta baita enpresa eskatzaileekin elkarrizketak adosteko aukera ere, edozein gailutatik eta edozein tokitatik.

Merkalanek bestelako aukera eskaintzen du, halaber, hautaketa-prozesuak bateratzeko, enpresei pertsonen kontratazioa errazteko eta beste enpresa batzuekin lankidetza-bideak, sinergiak eta sareak sortzeko. Enpresen arteko topaketa horiek lan egiteko modu berriak aztertzeko eta horietan sakontzeko ere balioko dute.

Azokan parte-hartzea

Lehenik eta behin, kontuan izan behar da, Lanbideren enplegu eta prestakuntza azoka sektore anitzekoa dela, sektore jakin batera mugatu gabe. Ondorioz, edozein enpresak izango du parte hartzeko aukera, eta lan eskaintzez harago, enpresen eta bertan parte hartuko duten bestelako erakundeen formakuntza eskaintzak ere topatu ahalko dira, hala nola lanbide heziketako zentroenak, unibertsitateenak edo Lanbide berarenak.

Hori dela eta, izena eman duten enpresa erakusketariek era guztietako informazio eta lan eskaintzekin konfigura ditzakete beren standak. Izen emandako enpresa horietako bakoitzak bere espazio birtual propioa izango du, irudi korporatiboko elementuekin ere pertsonaliza litekeena. Halaber, dokumentazioa gehitu eta norbere lan edo formazio eskaintzak erregistratzeko aukera ere izango du. Bestalde, enplegua eskaintzen dutenen kasuan, egutegi bat ere izango du hautagaiekin online dituzte hitzorduak eta elkarrizketak antolatu ahal izateko. Horri lotuta, bisitariekin online harreman zuzena izateko bitarteko bat ere jarriko da parte hartzailearen eskura.

Gaur egun 170 enpresa baino gehiago daude Merkalanen inskribatuta, 220 lan eskaintza eta 1.100 lanpostu baino gehiagorekin

Lan bila dabiltzanek, berriz, enpresa bakoitzaren espazio birtualera sartzeko aukera izango dute, eta beraiekin harremanetan izango dira azokak iraun bitartean. Izena emateko, maiatzaren 24tik aurrera egin ahal izango dute azokaren webgunean, feriamerkalan@lanbide.eus posta elektronikora idatzita, edota Araban eta Gipuzkoan 943 430 312 telefonora, eta Bizkaian 944 069 626 telefonora deituta. Lanbidetik azaldu dutenez, aurtengo edizioen aurrekoetan baino parte-hartze handiagoa espero da, "enpresa interesdunen kopurua hazi egin delako, eta, horren ondorioz, gero eta interesgarriagoa delako lan munduan aldaketa bat nahi duen pertsona ororentzat".

Azokaren lehen egunean, gainera, inaugurazio ekitaldi bat egingo da Bilboko Guggenheim Museoan, enpleguaren arloko profesionalentzako topaketa eta elkarrizketa gisa balioko duena. Balio berrietarako lan egiteko modu berriak lelopean, lanaren antolaketaren eta lan erregulazioan izandako aldaketak aztertzearekin batera, enpresetan parte hartzeko ereduak ere aztertuko dira, eta telelana eta adinaren kudeaketa ere landuko dira. Gainera, elkarrizketa mahai bat eta ponentzia motibatzailea ere izango dira bertan. Aurretiaz izena emana duenak, ekitaldi horretan parte hartzeko aukera ere izango du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK