• EKONOMIA
  • Lanbide Heziketaren Europako topagune bihurtu da Gasteiz

Lanbide Heziketaren Europako topagune bihurtu da Gasteiz

Nazioarteko Lanbide Heziketako ikastetxeei, enpresei, erakundeei eta sareei lotutako 24 herrialdetako 700 parte-hartzaile izan dira kongresuan

Argazkia: Irekia
Argazkia: Irekia
2026ko apirilaren 23a - 10:47
Eg. 2026ko apirilaren 23a - 11:02

Lanbide Heziketaren eta industriaren etorkizunari buruzko Europako topagune izan da aste honetan Euskal Herria. Global Connection for Local Change kongresuak azken eguna izango du gaur Gasteizen, eta bertan elkartu dira 24 herrialdetako 700 parte-hartzaile. Nazioarteko Lanbide Heziketako ikastetxeei, enpresei, erakundeei eta sareei lotutako eragileak izan dira bertan.

 

Era berean, 60 herrialdeetako ikasleek ere parte hartu dute Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak azken hiru egunotan antolatutako jardueretan. Adimen artifizial aplikatua, enpresa txiki eta ertainen lankidetza edo industria aurreratuko inguruneetako konpetentzien garapena bezalako esparruetan espezializatutako hitzaldiak, eztabaida-mahaiak eta tailerrak antolatu dituzte, besteak beste.

Kongresuak amaitutzat emango du LCAMP (Learner-centred Advanced Manufacturing Platform for Centres of Vocational Excellence) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Tknikaren bitartez koordinatu duen Europako proiektua. Lau urte horietan, proiektuak topaketak eta hitzaldiak egin ditu Alemanian eta Suedian, azken ekitaldia Euskal Herrian egin aurretik.

 

LCAMP proiektuaren helburua izan da digitalizazioaren, trantsizio ekologikoaren eta lanbide-profilen eraldaketaren erronkei erantzuteko gai izango den fabrikazio aurreratuko Europako sare bat bultzatzea.

Proiektuak zenbait jarduera landu ditu, hala nola fabrikazio aurreratuari lotutako konpetentzia eta enplegu berriak aztertzea, prestakuntza eta lanbide-profilak lotzeko tresnak garatzea, Lanbide Heziketako ikastetxeen eta enpresen arteko lankidetza bultzatzea eta errealitate industrialari lotutako ikaskuntza-inguruneak sortzea.

“LCAMP ez da soilik Europako proiektu bat izan, elkarlaneko prozesu bat baizik, sare sendo eta prestatu bat uzten duena ikastetxeentzat, enpresentzat eta gizartearentzat balioa sortzen jarraitzeko”, nabarmendu du Begoña Pedrosa Jaurlaritzak Hezkuntza sailburuak.