• EKONOMIA
  • Lanera proiektuaren lehen fasea amaitu du Jaurlaritzak

Lanera proiektuaren lehen fasea amaitu du Jaurlaritzak

Arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzea du helburu egitasmoak. 252 udalerrirekin bildu da Jaurlaritza

 Aitor Aldasoro Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Jokin Azkue HABEko zuzendaria | Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Aitor Aldasoro Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Jokin Azkue HABEko zuzendaria | Argazkia: Eusko Jaurlaritza
2025eko abuztuaren 11a - 14:54

Lanera proiektuaren lehen fasea amaitu berri du Eusko Jaurlaritzak. Egitasmoak helburu du euskararen erabilera sustatzea arlo sozioekonomikoan, eta lehen fase honetan, EAEko 252 udalerrirekin abiatu dute elkarlana.

 

Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak lehen fasearen gaineko balorazioa egin du gaur, eta eskerrak eman dizkie udalerriei eta haien ordezkariei egindako ekarpenagatik. Adierazi duenez, helburua "enpresetara benetan iristen diren eta langileak inplikatzen dituzten eta euskararen erabilera suspertzen duten" proiektuak egin ahal izatea da.

EAEko eskualde bakoitzaren hizkuntza egoera kontuan hartu nahi du Lanera proiektuak, euskararen erabilera sustatzeko erreminta zehatzak eskainiz. Jaurlaritzak 25 bilera egin ditu guztira, zeinetan euskararen erabilera sustatzeko bideak aztertu diren.

 

Proiektuaren bigarren fasea irailean hasiko da. Udalerrien artean diagnostiko partekatu bat egingo dute. Ondoren, eskualde bakoitzean egitasmoak garatzen hasiko dira, bertako enpresa ehuna aintzat harturik.

Denera bost fase izango ditu Lanerak, 2026era arte.