• EKONOMIA
  • Langabe kopuruak gora egin du urrian

Langabe kopuruak gora egin du urrian

3.614 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian. Dena den, landun kopuruak ere gora egin du, eta irailean baino 15.700 afiliatu gehiago zenbatu dira

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2023eko azaroaren 3a
Eg. 2023eko azaroaren 3a

Urrian langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian. 3.614 langabe gehiago zenbatu dira lau lurraldeetan, eta gaur denera 139.645 pertsona daude lanik gabe. Dena den, iazko epe berarekin alderatuz gero, 3.375 pertsona gutxiago daude langabezian.

 

Lurraldeka, Bizkaiak ditu langabe gehienak, 61.678, Nafarroak 30.000 ditu, Gipuzkoak 28.592 eta Arabak 19.375. Aurreko hiletik izandako gorakada handiena Bizkaiak izan du, %2,98 igo baita langabe kopurua, %2,46 Gipuzkoan, %2,38 Araban eta %2,37 Nafarroan.

2022ko urriarekin alderatuta, Nafarroan jaitsi da gehien langabe kopurua. Zehazki, orain urtebete baino 1.275 langabe gutxiago daude bertan, %4,08 gutxiago. Gipuzkoan eta Bizkaian ere langabe gutxiago daude, %2,08 eta %2,44 gutxiago, hurrenez hurren. Araban, aldiz, 49 langabe gehiago zenbatu dira, %0,25ko gorakada.

 

Espainiako Gobernuko Lan eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailak aurkeztu dituzte gaur datuok. Hala, sektore guztietan handitu da langabe kopurua. Zerbitzuetan 2.645 langabe gehiago zenbatu dira azken hilabetean, nekazaritzan 396 eta industrian 253.

Langabe kopuruak gora egin badu ere, enplegua dutenen kopuruak ere gora egin du Hego Euskal Herrian, eta irailean baino 15.700 afiliatu gehiago zenbatu dira. Gizarte Segurantzan 1.316.827 kotizatzaile daude, duela urtebete baino 24.945 gehiago.