Langabezia datuak pandemia aurrekoen parera iritsi dira

Langabezia tasak %8,8tik %8,5 egin du behera. Hirugarren hiruhilekoan aurrekoan baino 2.200 langabe gutxiago egon dira Hego Euskal Herrian

Lanbideren bulegoetako bat | Argazkia: Irekia Lanbideren bulegoetako bat | Argazkia: Irekia

Langabezia datuek beherazko joerari eusten diote. Urte hasieran, %9,1ekoa zen tasa; apiriletik ekainera %8,8koa; eta hirugarren hiruhilekoan %8,5ekoa. Orotara, 115.600 langabe daude Hego Euskal Herrian, aurreko hiruhilekoan baino 2.200 gutxiago. Datuak ikusita, pandemia aurreko egoeraren parera iritsi garela esan daiteke, 2020ko martxoan %8,7koa baitzen langabezia tasa.

Emakumezkoen langabezia tasa gizonezkoena baino altuagoa da oraindik ere. Irailaren amaieran 58.000 emakume langabe zenbatu ziren eta 57.600 gizon langabe.

Lurraldeko banatuz gero, Araban %9,4tik %8,6ra jaitsi da langabezia tasa, eta Gipuzkoan, %7,6tik %6ra. Hala ere, Bizkaian eta Nafarroan zertxobait igo egin da langabeen kopurua: Bizkaian %9,3tik %9,6ra, eta Nafarroan, %8,8tik %9ra.

Urte arteko egoerari begiratuta, berriz, 2021eko iraileko neurketan 137.400 langabe zenbatu zituzten, aurten baino 21.800 gehiago. Langabezia tasa %10,1ekoa zen orduan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK